Donostiako Klasikoa

Powelss, esprintean bizkorrena

Education Firsteko estatu batuarrak irabazi du gizonezkoen Donostiako Klasikoa. Azken metroetan nagusitu da, Matej Mohoricen (Bahrain) eta Mikkel Honoreren (Deceuninck) aurretik helmugaratuta.

Neilson Powelss, esprintean gailendu ostean garaipena ospatzen. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko uztailaren 31
18:51
Entzun

Neilson Powless (Education First) eta Azken metroetan erabaki zen garailearen izena. Powlessek estutasun goreneko unean hartu die aurre Matej Mohoric (Bahrein-Victorious) eta Mikkel Honore (Deceuninck) bigarren eta hirugarren sailkatuei.

Ordura arte, lasterketa gora-beheratsua izan da. Jardunaldi goibelari distira atera asmoz aritu dira txirrindulariak, eta lanak lan, lortu dute lasterketako zati batean. Mendateetan ageriko utzi dituzte distira printzarik behinenak, eta amaierako esprintak erabat argitu du iluna.

Hasiera patxadatsu baten ostean, tropela Jaizkibelgo mendatean hasi da bizitzen. Javier Romoren (Astana) sinadura izan du eguneko lehen joaldi garrantzitsuak. Haren ekinaldiak ziklistaren asmo onak ageriko utzi arren, pelotoiak berandu baino lehen estutu duen, eta jan egin dio ordura artean lortutako aldea. Romoren saialdia gerora helduko zenaren aurrekari izan da.

Izan ere, hurrengo mendatea Erlaitz zen, eta malda horiek ez dute zalantzarako tarterik uzten: indartsuenek soilik atera ditzakete aldeak. Poz handia jaso du euskal zaleak, Mikel Landa (Bahrein) lantegi horretan ikusi duenean. Italiako Giroan izandako erorikoaren ondotik lehen eguna zuen lehian, eta bere abilezia probatu nahi izan du. Simon Carrek berehala hartu dio neurria, eta hor amaitu da Landaren ametsa. Carrek lehen postuan igaro du Erlaitz, baina gerora helmugan bizkorrenak izango zirenek hura harrapatu nahiari ekin diote berehala. Baita lortu ere; bien bitartean, bezperatan hautagai nagusi izendatutakoek zirkinik ere ez dute egin.

Murgilek aurreikusitako garrantzia izan du. Powlessek jo, eta Honore, Mohoric eta enparauak ziztu bizian abiatu dira Igeldon gora, garaipenaren bila. Beherakoan hartutako kolpe eta guzti: Lorenzo Rota (Intermarche) eta Honorek errepide bazterra jo dute Igeldotik Donostiaruntz.

Dena den, onenen multzoan segitu dute azken metroetaraino, eta hor piztu da sua. Mohoric izan da lehendabiziko supiztailea, urrundik estututa, baina haren saiakera ezerezean geratu da. Aldiz, pixkanaka aurrera egin du Powlessek, eta Mohoricen eta Honoreren artetik igarota lortu du esprintean besoak altxa eta garaipena eskuratzea, ordura arteko ezjakintasunari akabera emanaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.