Eskubaloia

Pozezko malkotan busti da

Bera Berak laugarrenez jarraian irabazi du liga, Alcobendas 32-15 mendean hartuta, eta festa piztu da Donostian. Bideoa: Liga irabazi osteko ospakizunak. (Andoni Canellada / Argazki Press) [youtube]https://youtu.be/8g4J1D9KG5c[/youtube]

unai zubeldia
2016ko maiatzaren 29a
07:20
Entzun

Taldeen aurkezpenak egiten hasterako negar malkoren bat edo beste isuri zuten jokalari batzuek, baita Matxalen Ziarsolo kapitainak ere, eta partida amaitu berritan iritsi zen leherketa. Alcobendas 32-15 mendean hartuta, Bera Berak laugarrenez jarraian irabazi zuen liga atzo, eta jokalariek, entrenatzaileek eta zaleek sentimenduen eztanda bizi izan zuten amaieran. Festa prest zegoen aurretik ere, baina kapitain handiari egindako omenaldiarekin biribildu zuten arratsaldea. Jokalari guztiek airean hartuta, txalaparta eta dantzariak inguruan, opariak... Ederra izan da ermuarraren kirol ibilbidearen amaiera. Bea Fernandezek eta Tania Yañezek ere ligako titulua irabazita hartuko dute erretiroa.

Tentsio handikoa izan zen partida hasiera, bi jokalari aurreratuta defentsako lan zorrotza egin zuelako Alcobendasek. Donostiarren urduritasun nabarmenak eraginda, 2-3 eta 3-4 ere aurreratu zen Madrilgo taldea, baina jokalari bat gutxiagorekin geratzearekin batera iritsi zen etxekoen erreakzioa, 3-0eko partzialarekin (6-4), eta nahikoa eroso aritu ziren hortik aurrera. Aipatzekoa izan zen Tempranok atepean egin zuen partida ikusgarria, batez besteko on-onak lortuta, eta baita Eli Pinedok kontraerasoan egin zuen mina ere. Zazpi gol sartu zituen arabarrak.

Silvia Ederraren azken golarekin, 15-10 amaitu zen lehen zatia, eta 4-0eko partzialarekin hasi zen bigarrena (19-10). Alcobendasek ez zuen erakutsi lehen zatiko oldarkortasunik, eta, hamar golen alde erosoarekin, Ziarsoloren gola bilatu eta bilatu ibili ziren donostiarrak. Ermuarrak penalti bat huts egin zuen lehen zatian, bi minutuko zigorra ere jaso zuen gero... Baina 42. minutuan iritsi zen gogotik desio zuen momentua. Kontraeraso onean, kapitainak sartu zuen 23-11koa —penalti bat ere sartu zuen, 28-13koa—. Ordurako aurkaria amore emanda zegoela, hasierako tentsio malkoak poz malko bihurtuz joan ziren pixkanaka, eta denek nahi zuten amaiera izan zuen jardunaldiak.

Eta agurreko keinu gehienak Ziarsolorenak izan baziren ere, Tania Yañezek eta Bea Fernandezek ere gozatu handia hartu zuten amaieran. Yañezen kasuan, lan kontuen eraginez utzi beharko du Bera Bera, baina atzo beste behin erakutsi zuen nolako maila daukan. Sartu zuen laugarren gola da horren erakusgarria. Hegan egin zuen jokaldiaren amaieran, eta jauzika jarri zituen aulkiko jokalari guztiak. Lau gol sartu zituen bizkaitarrak. Bea Fernandezek, berriz, bi gol sartu zituen agurreko partidan.

Balentria egiten ari da Bera Bera, talde gutxiren esku dagoelako ligako lau titulu jarraian irabaztea. 2006-2007tik Donostiako kluba da titulu gehien eskuratu duen taldea: hamalau denera. Denboraldi hartan eskuratu zuen lehen titulua, Espainiako Kopakoa, eta oso gutxitan huts egin du ordutik. Ligako lau titulu (2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016), Kopako bost (2006-2007, 2008-2009, 2012-2013, 2013-2014 eta 2015-2016) eta Espainiako Superkopako beste bost (2007-2008, 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016) dauzka garaipen zerrendan.

Zuazo, Europara

Aiala Zarautzek ere 37-32 irabazi zion atzo Leoni, azken jardunaldian, eta aho zapore onarekin jaitsiko da Ohorezko B Mailara. Are ederragoa izan da Zuazoren amaiera, Valentziaren aurka 23-23 berdindu ondoren, Europan ariko direlako hurrengo denboraldian. Bizkaitarrek Bera Beraren aurka jokatu zuten Kopako finala, eta donostiarrek liga irabazita, Europako atea ireki zaie parez pare.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.