Golak. 0-1: David Lopezek (10. min.). 1-1: Willian Josek (55. min.). 2-1: Isakek (84. min.). Epailea. Sanchez Martinez. Txartel horiak: Realeko Zubeldiari eta Zubimendiri; eta Espanyoleko Nico Melamedi.
Realak bolada txarra eten du, eta burua altxatu. 2-1 irabazi zion atzo Espanyoli, Anoetan, eta, horri esker, lehen partida irabazi du lehiari berriro ekin zitzaionetik. Ia hiru aste eta bost jardunaldi behar izan ditu hori lortzeko. On egingo dio, beharra baitzuen, behar handia, jota baitzegoen, muturrekoak bata bestearen atzetik jasota. Azken lau jardunaldiak ziren horren adibide: puntu bakar bat ere ez, eta hamaika disgustu. Arrastorik ez zegoen koronabirusak dena hankaz gora jarri aurreko talde ikusgarriaz. Akabo Txapeldunen Ligarekin amets egitea. Europa ligarekin konformatu behar, eta hori lortzeko ere, izerdia bota behar. Atzoko garaipenari esker, berriz dago Europako postuetan, baina gainean ditu atzekoak. Azken bost jardunaldietan jokatuko da dena.
Bolada txarra eten izanak konfiantza emango dio talde txuri-urdinari, eta mamuak uxatzeko balio. Are gehiago, irabazteko, partidari buelta eman behar izan baitzion, Espanyolek sartu baitzuen lehen gola. Atzokoari segida ematea da orain garrantzitsuena, egun bateko susperraldia ez dela erakustea. Astelehenean du hurrengo neurketa, La Nucian (Herrialde Katalanak), Levanteren aurka.
Jokalari garrantzitsuen txakalaldia, eta, horrek eraginda, jokoa sortzeko ezintasuna; defentsan egindako huts larriak; eta epaileek hartutako zenbait erabaki eztabaidagarri; arrazoi horiek guztiek kondenatu zuten talde txuri-urdina etenaldiaren osteko aurreneko bost lehietan. Atzo ez zuen sekulako gorakada izan, baina aurreko partidetan merezi eta jaso ez zuena jaso zuen. Ondorioa: garaipena, eta lasaitua.
Moya, Remiroren ordez
Neurketaren garrantziaren jakitun, eskarmentuaren alde egin zuen Imanol Alguacilek, eta Moya jarri zuen Remiroren partez. Ustekabea izan zen, Moyak urte erdi pasatxo baitzeraman jokatu gabe. Diego Llorente, Portu eta Willian Jose izan ziren beste berritasunak azken partidarekin konparatuta. Sistema ere aldatu zuen, erasokorrago jokatzeko. Partidaren bila joan nahi zuen.
Eta hasi eta berehala saria jasotzear izan zen. Bosgarren minutuan, Willian Josek gola sartu zuen, Monrealen erdiraketa bat buruz errematatuta. Epaileak ontzat eman zuen, baina VAR-ak baliogabetu egin zuen, aurrelaria jokoz kanpo baitzegoen. Kolpea izan zen, baina ezer ez jarraian etorriko zenarekin konparatuta. Izan ere, handik bost minutura gola sartu zuen David Lopezek, Embarbak ezkerretik egindako erdiraketa buruz errematatuta. Hamargarren minutua zen, eta Reala jada kontrakarrean aritzera behartuta zegoen. Beste behin. Hori gutxi ez, eta Januzajek, azkeneko partidetako onenak, min hartu zuen atsedenaldia iristear zela. Odegaardek ordezkatu zuen.
Ezer gutxi aldatu zen bigarren zatiaren hasieran, eta inor nagusi bazen, hori Espanyol zen. Baina arriskurik sortu gabe. Are gutxiago sortzen zuen Realak, baina, halako batean, Merinok pase bikaina eman zion Oiartzabali, eta hark erdiraketa neurtua ezkerretik Willian Joseri. Brasildarrak ez zuen barkatu, eta banakoa sartu zuen. 55. minutua zen. Denbora zegoen.
Golak partida aldatu zuen: gora egin zuten etxekoek, eta behera bisitariek. Eta nagusitasun horren saria jaso zuten txuri-urdinek 84. minutuan. Aritz Elustondok erdiraketa egin zuen eskuinetik, Oiartzabalek area barruan ukitu zuen baloia, eta Isakek errematatu, sarera. Alferrikakoa izan zen Espanyolen azken ahalegina. Azkenean, garaipena, eta aspaldiko partez, poza.
REALA 2 ESPANYOL 1
Pozik aspaldiko partez
Realak Espanyoli irabazi dio Anoetan, eta bolada txarra eten du. William Josek eta Isakek buelta eman diote Espanyolen golari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu