Ikerketako datuen berri eman ostean, Mikel Uzkudun ESAITeko lehendakariak emaitzen balorazioa egin zuen. Uzkudunek azpimarratu zuenez, «inkestako datuak bero-bero eta bere horretan hartuz gero, emaitza ikusgarriak direla esango genuke. Alde batetik, hala da, eta aintzat hartu beharreko datuak dira. Halere, balorazioa egiteko aurrekariak aintzat hartu behar dira, eta datuak zuhurtziaz erabili behar dira. Bizi dugun egoerak horrela jokatzea agintzen digu, datuak bero-bero botatzea eta erabiltzeak jendearengan ilusio faltsuak eragin ditzakeelako. Datu onak, oso onak dira, baina oraindik lan asko dugu egiteko».Zuhurtziaz jokatzea ezinbestekotzat jo zuen ESAITeko lehendakariak, eta horren barruan kokatu zuen Aztikerri agindutako ikerketa. «Ez genuen batere garbi kirol federazioek eta eragileek bat egiten zuten gure eskaerekin, helburuekin: euskal selekzio nazionala izatea. Horrexegatik agindu genion Aztikerri inkesta hau egiteko, aurrera begira, zer egin jakiteko».Uzkudunek nabarmendu zuen ESAITek sei-zazpi urteko eskarmentua duela gai horretan, eta urte horietan kirol federazio askorekin bildu eta hitz egin dutela selekzioren inguruan. «Askotan hitz egin dugu gaiaz, eta guri ematen zizkiguten erantzunak eta azaltzen zuten jokaera ez datozte bat orain jaso ditugun emaitzekin, datu kontrajarriak dira. Federazio horiek hamabost-hogei urte daramatzate lanean, eta gai honetan ez dugu asko aurreratu», esan zuen ESAITeko lehendakariak.
Erronka handia
Uzkudunen iritziz, «erronka handia da federazioek dutena. Herri honetan, eta herri honen etorkizunean sinesten badute, erronka honi benetan heldu behar diote, eta buru-belarri egin behar dute lana horretan. Badute zer egin, behintzat. Garai berri baten atarian gaude, eta aurrekoak pixka bat ahaztu eta aurrera egin behar dugu. Garai berri honi ekin behar diogu, denok elkarrekin, kirol federazioak, geuk nahi izanez gero... Helburu bat dugu: euskal selekzioak nazioartean ofizialki lehiatzea. Hori nahi badute, ondoan izango gaituzte, lanean aritzeko eta edozein laguntza emateko prest, baita euskal gizarte osoa ere. Kirol federazioek azterketa bat pasatu dute, baina azken azterketa gainditzeko bide luzea geratzen da oraindik», gaineratu zuen ESAITeko lehendakariak.
-
NAFARROAKO FUTBOL SELEKZIOA
ESAITek ez du «begi onez» ikusten ekimena
ESAITek ere Nafarroako futbol selekzioa sortzearen inguruko iritzia azaldu zuen prentsa ohar batean. Agiriak hauxe dio: «gure helburua beti euskal selekzioa izatea eta nazioartean ofizialtasuna lortzea denez, helburu horrekin zerikusirik ez duten ekimenak ez ditugu begi onez ikusten, eta are gutxiago, euskaldunen artean zatiketa bilatzeko egiten direnean. Batzea da, eta ez banatzea, egin beharreko bidea. Hala, berriro, Euskal Federazio Nazionalaren beharra aldarrikatu nahi dugu. Arazo honi ahalik eta irtenbide onena bilatzeko konpromisoa azaltzen dugu, eta horretarako, Nafarroako eta Euskadiko Futbol Federazioekin eta Euskal Federazio Batasunarekin bilerak egiten saiatuko gara». Horren guztiaren inguruan, Uzkudunek aitortu zuen Euskadiko Futbol Federazioarekin eta Euskal Federazio Batasunarekin aurki bilduko direla, eta Nafarrokoarekin ere biltzeko asmoa dutela.