Agindutakoa bete ez nuenik ez didazue leporatuko eta gaitzerdi (kar, kar). Bazenekiten nire gustuko etapa zela igandekoa, begiz jota neukala, eta indar betean saiatuko nintzela ihesaldian sartzen. Sartu sartu nintzen, baina une hartako pozak ez zuen denbora gehiegi iraun. Rabobank taldeko Kroonek eta Dekkerrek ito beharrean eraman gintuzten Portet d'Aspet arte, lehen mendatea arte eta han, berehala jabetu nintzen ez nengoela nire onenean. Normalean aurkarien erritmoa da ondo edo gaizki zoazen jabetzeko gakoa, eta ni segituan konturatu nintzen Pereiro eta Hincapie ni baino askoz azkarrago zihoazela mendian gora.
Buruari bueltak ematen hasten zara, eta amorratu. Ikaragarri sufritu duzu bi astean eta ihesaldi ona harrapatu duzunean, kaka! gorputzaldi txarra! Okerrena, gainera, zergatia ez dakizula, eta erremediorik ez duela.Niri, normalean, kosta egiten zait lasterketari pausoa hartzea. Sufritu egiten dut hasieretan, izerdia botatzen hasi arte, giharrak ondo berotu arte eta abar. Eta lehen mendateko gorputzaldi txarra horregatik izan zitekeela pentsatu nuen, nire burua animatu. Menten gora hasi nintzenean berehala jabetu nintzen ez zela nire eguna izango eta ikaragarri tristetu nintzen. Akabo nire eguerdiko poza!Behin atzean geratuta, etapa ahalik eta azkarren egitea erabaki nuen, sailkapen nagusian postu asko aurrera nitzakeelako helmugan minutu asko galtzen ez banituen. Horrela izan zen. Buruz eta zentzuz jokatu nuen eta eskerrak horri, sei postu aurreratu nituen nagusian. 14 lagun gindoazen ihesaldian eta ni bigarrena geratu nintzen atzean. Helmugan, 14 lagunetatik zazpigarrena helmugaratu nintzen, buruan geratu ziren seien ondoren lehenengoa, hain zuzen ere. Poztasunerako beste motibo bat.Antzera jokatzeko asmoa dut hurrengo etapetan. 20. postua 15 minutura dut, baina sinets iezadazue, larunbata bitarte nagusia asko alda daitekeela 10. postutik aurrera. Gaur, lehen aukera. Euskal Herritik gertu gaude eta ahaleginduko naiz. Oilarrak mugitzen ez badira, Pauera iritsiko da ihesaldia.Gaurkoa bukatzeko, esan nahi ez nituzkeen hitzak. Euskal zale batzuekin arazoak egon dira eta haiei buruz hitz bi esan nahi nituzke. Nik neuk ikurrina eskuan mozkortuta zeuden zaleak ikusi nituen eta haiek ni lurrera botatzeko zorian egon ziren. Gutxiengo bat dira eta ziur nago txirrindularitzaz ezer gutxi dakitela. Zoritxarrez, horiek gogoratzen dira, beste ezeren gainetik, eta urtetan irabazi dugun izen ona gal dezakegu. Horregatik ere triste nago.
NIRE TOURRA
Pozik eta triste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu