Errugbia

Prefetak salaketa bat jarri du Miarritze-Baiona partidan protokoloak ez errespetatzeagatik

Datorren urtean Top14an jokatzeko derbia jokatu zuten bi taldeek, eta 5.000 lagun inguru bildu ziren Aguilera estadioan. Neurketaren amaieran zelaira salto egin zuten zaletuek.

Zaletuak, atzo, Aguilera estadioan. BOB EDME
Paulo Ostolaza.
2021eko ekainaren 13a
15:52
Entzun

Gauza jakina zen pasioz betea izango zela atzo Miarritzek eta Baionak atzo jokatu zuten derbia, eta nabaria zen horrek hainbat osasun protokolo hausteko arriskua zekarrela ere. 5.000 lagun bildu ziren Aguilera estadioan, Miarritzen, eta, besteak beste, zaletuek alkohola sartu zuten estadiora eta zelaira salto egin zuten neurketaren amaieran. Hori dela eta, Pirinio Atlantikoetako prefetak ikerketa zabaltzeko agindu dio Baionako prokuradoreari.

Hark igorritako oharrak dioenez, Miarritzeko Olympique taldearen ardura zen ezarritako neurriak betearaztea, eta haren aurkako neurriak har ditzaketela jakinarazi du. 

Neurriak, izatez, estuak ziren: zelaira sartzeko zaleek txertatze ziurtagiria edo COVID-19aren test batean negatibo eman zutela adierazten zuen dokumentu bat aurkeztu behar zuten. Hortaz gain, Miarritzeko eta Baionako zaletuek gune bana zuten, eta ezin zuten handik mugitu. 

Tabernetan, berriz, debekatu egin zuten neurketa botatzea, eta estadiora joan ezin izan zuten zaleek etxean ikusi behar izan zuten. Kalean ere baziren segurtasun neurriak: ezin zen alkoholik edan arratsaldeko 16:00etatik aurrera.

Miarritze, Top14ra

Neurketari dagokionez, Miarritze izango da datorren sasoian Top14an jokatuko duena; Baionak, aldiz, PRO D2an jokatuko du, koska bat beherago. Penalti jaurtiketetan nagusitu ziren etxekoak (6-5), Baionako Aymeric Lucek berea huts egin zuelako. Erabat parekatua izan zen partida: seina bukatu zuten, eta puntu guztiak zigor kolpeen bitartez lortu zituzten bi taldeek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.