Pozik da Igor Makazaga (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1972), Orioko entrenatzailea eta arraunlaria. KAE 1 liga irabazi berri du taldeak, bandera guztiak lortuz. Orain, San Miguel ligara igotzeko kanporaketa du begiz jota, urteko helburu nagusia, baina bihar, Kontxara sailkatzeko estropadan, ikusmina dago Orio sartuko den edo ez jakiteko.
KAE 1 liga irabazteagatik poza bakarrik sentitu duzue ala gainetik pisua kentzea ere izan da?
Poza eman digu. Pisua genuen hasieran, aurreneko bietan sartzeagatik, igotzeko kanporaketa ziurtatzeko. Hori ezinbestean bete behar genuen, eta ezin zen huts egin horretan. Liga irabaztea eta estropada denak eskuratzea oso pozgarria izan da. Inork ez zituen bandera denak irabazi, eta zaila zela bagenekien. Inork lortu gabekoa bazen, oso zaila dela esan nahi du.
Helburu nagusia zein zenuten argi esan duzu, baina ba al zenuten bestelako helbururik ligaren barruan?
Ez. Hasieratik argi genuen zein zen helburua, eta gero, estropada bakoitza hartu dugu pizgarri bezala. Ilusioarekin egin ditugu estropada guztiak, kanporaketara begira beti, hor jokatzen delako klubaren eta taldearen etorkizuna.
Erabateko lehiakortasuna lortzea posible izan al zaizue jakinik beti irabaziko zenutela?
Zaila da. Azken batean, lehiaketa motak asko baldintzatzen du norberaren gaitasuna. KAE 1 ligako buruan ibili garenetako edozeinek, talde berarekin, maila hobea emango luke San Miguel ligan, onena ateratzen dizulako ligak berak. KAE 1 oso erakargarria da, baina bigarren maila da, hori ezin da ukatu, eta ez dago San Miguel ligako maila bera. Kirol guztietan gertatzen da gauza bera.
Oriok maila hobea eman zezakeen, orduan?
Daukan guztia eman du, hor ez da dudarik, baina ez du izan testuinguru egokia daukan gaitasun guztia ateratzeko. Liga oso ona egin dugu, eta harro gaude egindako lanarekin.
Bihar duzue testuinguru egokia gaitasun guztia ateratzeko. Kontxara sailkatzeko aukerak zein dira Orioren kasuan?
Hor egongo gara, sartzetik gertu. Nire irudipena da taldeak baduela aukera sartzeko, baina orain arte testuinguru egokia ez dugu izan lehiatzeko. Txirrindularitzako adibidea jartzen dut: Tourretik datorrenaren sasoia eta sei-zazpi eguneko itzulitik datorrenarena ez dira berdinak. Guri hori gertatzen zaigu. Gure kontra doan zerbait da hori.
Sailkatzeko presioa nabari duzu?
Ez, ez. Guk ez daukagu. Hain justu, KAE 1eko estropada denak aurten arte inork irabazi ez zituen bezala, KAE 1eko garailea inoiz da sartu Kontxan; zerbaitegatik izango da. Zaila dela esan nahi du, eta egon dira talde on askoak: 2008ko Kaiku, eta 2009ko Astillero, adibidez. San Miguel ligakoekin ez zuten erreferentziarik, eta ligak ez zien aukera ematen den-denarekin lehiatzeko. Antzeman egiten da hori.
Kontxan sartzeak edo ez sartzeak eragin egingo dizue San Miguel ligara igotzeko kanporaketarako?
Ez liguke eragin beharko, baina garbi daukat, sailkatzen ez bagara bizpahiru egun txar igaro beharko genituzkeela. Kanporaketa hamabost egunera da, gainera. Hogei bat aldiz jokatu izan dut Kontxara sailkatzeko estropada, eta kolpea hartzen da sartzen ez zarenean, baina oso garbi daukagu gure helburua irailaren erdialdean dagoela, igoera kanporaketan. Hori prestatu dugu guztiaren gainetik. Kontxan aritzeak emango digu hamabost eguneko poza, baina kanporaketan jokoan duguna klubaren etorkizuna da.
Lehiakortasun erabatekoa atera- tzeko, hobe Kontxan izatea, ezta?
Bai. Sartzen ez bagara, entrenamendu gogorrak egitea aurreikusita dago, eta, sartzen bagara, estropada garrantzitsu bi jokatuko genituzke, eta ona litzateke gure- tzat. Aukeran, hobe sartzea, onenekin lehiatzeko aukera emango digulako.
Aipatu duzu KAE 1 ligakoek ez duzuela izaten San Miguel ligakoekin lehiatu izanaren erreferentziarik. Biharkoari begira kezka handitzen dizu horrek?
Hori horrela da, baina azkenean, burua zeroan jarri behar da, neguko traineru jaitsieretan egiten den bezala. Guk besteen berri ez dakigun bezala, besteek ere ez dakite gu zertan garen. Guk gure lana egin behar dugu, hasi eta buka.
Gipuzkoako txapelketan uste baino apalago ibili zineten, eta Donostian bertan izan zen. Taldearen barruan buruari gehitxo eragiteko arriskua ikusten al duzu horregatik?
Egun hartan akats handi pare bat egin genituen, baina ez dauka zerikusirik biharkoarekin, egun hartan azkeneko txandan joan ginelako eta besteek baino geroago egin genuelako arraun. Bihar ez da hainbeste denbora pasatuko aurrenekotik azkenekora arraun egiterakoan. Gainera, egun hartan, ez dut uste maila txarra eman genuenik. San Pedrok ehunenekoak bakarrik atera zizkigun, eta orain ematen du San Pedro zeruan dagoela eta gu lur azpian. Egun hartako erreferen- tziak ez dira txarrak biharkorako, San Pedrok atera zigun aldea ikusita. Gero, gure taldea berria da, berritasun asko dauzka, eta denboraldia aurrera joan ahala, beste sendotasun bat ari da erakusten. Estropada hura uztailaren erdialdean izan zen, eta orduan baino maila hobea emateko gai gara orain.
Itsaso zakarra dago emanda biharko. Zer gogoeta eragiten dizu horrek?
Etor dadila etorri beharrekoa. Niri berdin zait zakarra egotea edo ez. Badugu nahikoa gaitasun fisiko eta tekniko edozein egoeratan arraun egiteko. Faboritoak bagina, nahiago izango nuke itsasoa ez egotea, baina presio hori, urduritasun hori beste batzuek daukate. Guregatik zentimorik ez dute ematen.
Kontxaren ondoren dator igotzeko kanporaketa, zuen helburua. Igo- tzat jotzen zaituztete.
Nik ez dut, ba, neure burua igotzat ematen! 2009an, San Juaneko entrenatzaile nintzela, Astillerok aise menderatu gintuen KAE 1 ligan, eta igotzat jotzen zuten. Baina gero, kanporaketako lehen egunean, gu sartu ginen aurretik. Estropada jokatu baino lehen ezin dira gauzak egintzat jo. Garestia izango da kanporaketa, eta denentzat zaila.
Inoiz baino estuagoa izango al da?
Zaila da jakiten. Gainera, aurreko urteetako taldeak gutxiestea li- tzateke aurtengoa estuena dela izatea. Galiziako biek zer maila duten asmatzea ez da erraza. Garbi dudana da San Miguel ligatik datorren taldea, Zumaia, etor zitekeenetatik zailena dela. Izaera egokia dute lan horretarako, eta kanporaketa oso ondo prestatuta etorriko dira. Gero, Santurtzi dago, eta begiz jota du kanporaketa denboraldiaren hasieratik.
Lortuko al duzue kanporaketan KAE 1 ligak eman ez dizuen lehiakortasunarekin aritzea?
Zure maila ligak zehazten du. Hori ezin da berdindu, eta, alde horretatik, aldea Zumaiak du, bere gaitasun osoa ateratzeko aukera eman diolako San Miguel ligak. Gero, aipatzen da faktore psikologikoa, behetik gora datorrena hazi egiten dela esanez. Ez dut horretan sinesten. Garrantzitsua da non eta norekin lehiatu zaren denboraldian, beste guztiak ez du balio. Segundo baten bueltan, puntuak jokatuz ibiltzea oso garrantzitsua da. Ez da gauza bera gu bezala aurkari batekin bakarrik lehian ibiltzea. Eta gabezia hori ezin da berdindu entrenamenduetan.
Igor Makazaga. Orioko entrenatzailea
«Presioa beste batzuek daukate»
KAE 1 liga irabazi berritan, San Miguel ligara igotzea du asmo nagusia. Kontxan sartzeko lehian izango da bihar, baina bere burua ez du faboritoen artean kokatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu