Saskibaloia. ACB ligako final-laurdenak

Presiopean iaioa da

Bizkaiak sarri erakutsi du ondo moldatzen dela larri denean; Fischer jokatzeko moduan da, Raul Lopezek zail du

Andoni Urbistondo.
2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Tontakeria da zalantzan jartzea. 1-0ekoa baino nahiago luke Bizkaiak 0-1ekoa, eguerdian Miribillan 2-0ekoa lortu eta finalerdietan sartzeko aukera poltsikoratzeko. Ostegunean, ordea, galtzaile bueltatu ziren Gasteiztik, eta geratzen diren bi norgehiagokak irabazi beste erremediorik ez zaio geratzen Katsikarisen taldeari. Astearteraino joan gabe, pausoz pauso, lehen erronka banakoa lortzea da. Zaleen epelean, eta presioak kalte ez, onura ekartzen diola jakitun. Bizkaiak sarri erakutsi du sasoi honetan iaioa dela presioaren zama kudeatzen. Askotan irabazi du, irabazi behar zuenean, eta zergatik ez gaur ere?

Are gehiago, Gasteizen egin zuten partida onaren ondoren. Bilbokoak 26 minutuz egon ziren aurretik markagailuan, eta, atzetik izan zirenean ere, asko jota sei edo zazpi puntura eduki zuten Baskonia. Txarrean, erregaia 40. minutua baino lehen bukatu zela, partida bukatu baino bi minutu lehenago, hain zuzen ere, eta Baskoniak ezin hobe baliatu zuen azkeneko txakalaldi txiki hori. Bistan da kanporaketa oso parekatua dagoela, eta hutsik txikienak ere ondorio larriak dakartzala. Horiek saihestea da gakoa, baina erraesatea da erraza, eta zaila egitea. Parez pare hain jokalari onek jokatzen dutenean normala delako kale egitea.

Ondo aritu ziren Aaron Jackson, Vasileiadis eta Mumbru Gasteizen. Puntuak sartzen, erantzukizuna hartzen. Lan ilunean D'Or Fischer, Hervelle eta Mavroeidis, eta mugatu samar Banic, belauneko mina dela-eta. Une erabakigarrian ez ziren fin ibili Jackson bera eta Blums, eta Baskonian, aldiz, Teletovic bai. Xehetasunek desorekatu zuten balantza, eta litekeena da gaur ere antzekoa gertatzea. Nola eten bosniarraren indarra? Zaila. Banic lehertu arte saiatu zen, baina bidean geratu zen. Hervelle ere bai, bere ohiko gogortasunarekin, baina une erabakigarrian aulkian zegoen belgikarra, faltengatik. Azken minutuetan kantxan egoten saiatu behar du hegalekoak, bai edo bai.

Raul Lopez larri ibiliko da

Zortzi hilabetera doa dagoeneko denboraldia, eta nekea oso nabaria da jokalariengan. Bizkaiak zer irabazi gutxi du egoera horretan, Euroligan urrun iritsi delako. Nekea gainetik kendu ezinik ari da azken hilabetean. Jokalarien lesioetan eragin zuzena dauka neke horrek, Raul Lopezen kasuan zorte txarrak ere dezente lagundu duela badirudi ere. Ezker orkatila bihurritu zuen ostegunean Vic-ekoak, eta zail du kantxaratzea. Bai bete-betean, behintzat. Bizkaiako medikuek euren eskuetan dagoen guztia egingo dute jokatzeko aukera izan dezan, infiltrazioa barne, baina partida hasi arte ez da jakingo kantxaratuko den edo ez. D'Or Fischerrek ere belauna bihurritu zuen. Estatubatuarrak partida bukatu zuen, eta, gauzak ondo, jokatzeko moduan egongo da.

Baskoniak, berriz, badaki pauso handia eman duela. Kale egiteko eskubidea irabazi du, lehenengoa irabazita, eta lehen aukera baliatu nahi du. Indarra aurrezteko, eta etorriko diren aurkariak urduritzeko. Miribillan garaile izatea talde gutxiren esku baitago egun. Lampe eta Nocioni, Nocioni eta Lampe, nabarmentzekoa da hiru egun atzera bi jokalariek egin zuten lan ona: Nemanja Bjelica eta Thomas Heurtel. Bi osagai gehiago, dagoeneko ondo hornitua dagoen taldearentzat.

GESCRAP-CAJA LABORAL

Txapelketa. ACB ligako final-laurdenetako bigarren partida. 1-0 da aurretik Baskonia.

Gescrap Bizkaia. Jackson, Raul Lopez, Fisher, Blums, Vasileiadis, Mumbru, Banic, Hervelle, Mavroeidis, Samb eta D'Or Fischer.

Caja Laboral Baskonia. Prigioni, Heurtel, Ribas, Oleson, San Emeterio, Nocioni, Nemanja Bjelica, Teletovic, Milko Bjelica, Calbarro eta Lampe.

Lekua. Miribilla pabiloia (9.650 ikusle).

Ordua. 12:30 (ETB 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.