Usain Boltek ezin izan zuen munduko txapeldunaren saria defendatu herenegun 100 metroko proban. Kanporatua izan zen, irteera txar bat egin baitzuen. Daeguko Munduko Txapelketetan (Hego Korea) ikusmin gehien sortu zuen finala zen, Asafa Powellen eta Bolten arteko lehia parekatua izan zitekeelako. Baina, azkenean, ez bata eta ez bestea. Lehena lesio baten ondorioz ez da Daegun izan, eta bigarrena, berriz, huts batengatik geratu da lehiatik kanpo. Presio ugari zuen Boltek, eta horri ezin izan zion aurre egin. Eta bere ahuleziarik nabarmenenean huts egin zuen: irteeran. Horregatik, eta 2010eko urtarrilean indarrean ezarritako legedi berriarekin, kanporatua izan zen—lehen, huts bat egin zitekeen, eta bigarrengoa egiten zuena kaleratzen zen; baina egun, lehengo hutsetik kaleratu egiten da zuzenean—.
Bolt kaleratua izaten den lehen aldia izan zen igandekoa. Orain arte ez du hutsik egin, agian gainontzeko atletekiko zuen abantailak irteera lasaiago egitea posible egiten baitzion. Baina igande goizean, ez. Gainontzekoak hurbil zituen, eta, batez ere, Yohan Blake bere taldekide eta herrikidea. Aurkariak hurbil izateak presio gehiago izatea ekarri zion, eta horrek okerra egitera behartu zuen Jamaikako atleta. Okerrak lehiatik kanpo utzi zuen arren, orain gainontzeko probetan urrezko domina eskuratu nahi du, igandean egindakoa gainditzeko. Lehen aukera ostiralean izango du, 200 metrokoan. «Sasoi onean nago, eta lasterketa hau irabazteko ongi kontzentratuko naiz ondorengo egunetan», esan zuen jamaikarrak prentsa ohar batean, ez baitu inongo adierazpenik eman nahi izan.
Yohan Blakerentzat urrea
Bolt lehiatik kanpo egonda, Blake haren herrikidea izan zen azkarrena, 9,92 segundoko markarekin. Bigarren Walter Dix estatubatuarra izan zen, 10,08 segundoko markarekin, eta jarraian heldu zen Kim Collins sainkistarra, 10,09 segundoko markarekin.
Presiopean kanporatua
Usain Bolt, 100 metroetan urrea eskuratzeko faborito nagusia, finaletik kanpo geratu zen herenegun, irteera txar bat egin zuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu