Dena prest du Athleticek Europako Ligari ekiteko. Bihar hasiko du ibilbidea, Slaven Koprivnicaren aurkako kanporaketaren joanekoarekin, San Mamesen (21:00). Eta bide hori luzea izango den itxaropena dute zuri-gorriek. Aurreko sasoian bezain luzea, ahal izanez gero. Baina horretarako, Kroaziako taldearen aurkako kanporaketa gogorra gainditu beharko dute Bilbokoek. Eta ez dute eginbehar erraza, zailtasunez gainezka baitaude taldean.
Jokalari ugari faltako ditu Athleticek bihar, ia postu guztietan. Baina kalte gehien erdiko atzelarietan izango du Marcelo Bielsak. Izan ere, hiru jokalari garrantzitsu ez dira izango bere aginduetara: Mikel San Jose, barizelarekin; Javi Martinez, Olinpiar Jokoetatan; eta Fernando Amorebieta, min hartuta. Badirudi Jonas Ramalho eta Carlos Gurpegirekin konpondu dezakeela arazoa entrenatzaileak. Zenbait postutan aritu dira biak lagunarteko partidetan, baina toki hori ez dute berezkoa.
Ander Herrera eta Iker Muniain ere Londresko Olinpiar Jokoetan ari dira, eta ez dira bihar jokatzeko moduan izango. Hortaz, hamaikakoan egon ohi diren beste bi jokalari faltako ditu Bielsak. Gainera, Aritz Aduriz min hartuta dago, eta Fernando Llorente ez dabil sasoiko. Aurreko hirukotea osatzeko zailtasunak izango ditu, beraz, argentinarrak. Denboraldi-aurreari erreparatuz gero, Gaizka Toquero, Markel Susaeta eta Ibai Gomez izan daitezke hamaikakoan, baina ez dago batere argi.
Jokalari ugari falta ditu Athleticek, eta burutu duen denboraldi-aurrea ere ez da bikaina izan. Bost lagunarteko partida jokatu dituzte zuri-gorriek, maila handiko zenbait talderen aurka, baina emaitzak erdipurdikoak izan dira. Olympique Lyonen aurka irabazita estreinatu zen, eta horrek itxaropenak handitu zituen. Haatik, aurrerantzean beherantz egin zuen taldeak, eta Slask Wroclaw baino ez zuen gainditu. Beste hirurak, Raja Casablanca, Eindhovengo PSV eta Lilleren aurka, porrotarekin amaitu zituen.
Egoera horretan egingo dio aurre Slaven Koprivnicari. Kroaziarrak atzo iritsi ziren Bilbora, eta gaur arratsaldean entrenamendua egingo dute San Mamesen. Ondoren, Athleticek egingo du partidaren aurreko azken lan saioa, iluntzean. Hori baino lehenago, Bielsak prentsaurrekoa emango du (20:15). Entrenatzaile argentinarrak ematen duen lehena izango da, uztailaren 5etik. Orduan, Lezamako lanen inguruan gogor kexatu zen prestatzailea.
Kanporaketara une zailean helduko da Athletic, eta une oso gozoan Kroaziako taldea. Ligako liderra da Slaven, lehenengo bi jardunaldiak irabazita. Gainera, Europako Ligako lehen kanporaketan, joanekoan 6-0 irabazi zion Portadawn Ipar Irlandako taldeari, eta 2-4 gailendu zen itzulikoan. Hortaz, sasoiko dira kroaziarrak.
Esperientzia gutxiko arerioa
Dena den, Europako txapelketetan duen esperientzia baliatu dezake Athleticek, Slaven gutxi aritua baita Kroaziako mugetatik kanpo. Intertoto kopan estreinatu zen 2000-2001 denboraldian, eta beste bostetan ere jokatu zuen gerora, bi aldiz finalerdietara iritsiz. Haatik, UEFA kopan ez zen aritu 2007ra arte. Ordutik hiru aldiz jokatu du, baina behin bakarrik gainditu ditu aurreko kanporaketak. Eta orduan ere, berehala hartu zuen etxerako bidea, lehen txandan kanporatu baitzuen Moskuko CSKAk.
Athleticek, berriz, ibilbidea luzeagoa egin du Europako Ligan. Aurreko sasoiari erreparatu besterik ez dago. Finalera heldu ziren zuri-gorriak, eta Atletico Madrilen aurka galdu zuten. Denboraldi bakarrean partida gehiago jokatu zituen Athleticek Europako Ligan, Slavenek bere historian baino.
Baina esperientzia lagungarri baino ez da izango. Azkenean, golek erabakiko dute garailea, eta aurrera egiteko San Mamesen indartsu aritu beharko du Athleticek. Garrantzi handikoa izango da etxean emaitza on bat lortzea, Kroaziara lasaiago joateko. Baina gogotik egin beharko dute lan zuri-gorriek.
Prest bideari ekiteko
Europako Liga bihar hasiko du Athleticek, aurreko denboraldiko ibilbide arrakastatsua errepikatzeko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu