Larunbatean ekingo diote berriro lehiari erremontean, hiru hilabete eta erdiko etenaldia izan ondoren (16:00, ETB1). Esanahi handiko txapelketa batekin hasiko da lehia, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuaren, hots, erremontearen katedralaren 50. urteurrenarekin. Larunbatean hasiko da Oriamendi 2010 enpresak eta EITBk elkarlanean sustatutako txapelketa, eta bost astez luzatuko da, uztailaren 18an jokatuko baitute finala, Galarretan bertan.
Lau bikote ariko dira: Urriza-Zubiri; Ansa II.a-Larrañaga; Juanenea-Urrutia II.a; eta Goikoetxea-Barrenetxea IV.a. Larunbatez jokatuko dituzte partida guztiak; ligaxkakoak, bihar, hilaren 27an eta uztailaren 4an. Lehen sailkatuak finalerako sailkatuko dira zuzenean; bigarren eta hirugarren sailkatuek, finalerdia jokatuko dute uztailaren 11n; eta azken sailkatuak, kanpoan geratuko dira. 35 tantora jokatuko dituzte neurketak.
Larunbateko jaialdian 300 ikuslerentzako tokia izango da, baina Oriamendiko arduradunek espero dute osasun egoerak horretarako aukera ematen badu hurrengo jaialdietan kopuru horrek gora egitea: 1.500 ikusle inguru sartzen dira Galarretan. Horri lotuta, erremontistek protokolo zorrotza bete beharko dute. Baita ikusleek ere. Azken horiek maskara eraman beharko dute, ezingo dira zutik egon, eta segurtasun distantzia mantendu beharko dute harmailetan. Erremontistek, bestalde, kamerak eramango dituzte kaskoan, eta, horri esker, irudi ikusgarriak ikusteko aukera izango da telebista emankizunean.