Futbola

Prieto: «Ez dugu sufritzen iritsi nahi maiatzera»

Azken hiru partidak galdu ondoren, puntu premian daudela esan du kapitainak, eta etzi irabazi beharra dagoela

jon eskudero
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
«Ez dugu sufritzen iritsi nahi maiatzera». Argi eta garbi hitz egin zuen atzo Xabi Prietok, entrenamendua amaitu berritan. Azken hiru partidak galdu egin ditu Realak, eta etzi Rayo Vallecanori irabaztea derrigorrezkoa dela aitortu zuen: «Hiru puntuak etxean geratzea beharrezkoa da. Taldea nahiko sentsazio onak izaten ari da, eta garaipen baten premia daukagu».

Getafe, Levante eta Real Madril izan ditu arerio azken hiru neurketetan Realak, eta emaitza «hobeak» merezi izan badituzte ere, gauzak ongi ez dituztela egin nabarmendu zuen kapitainak: «Defentsako lerroan sendotasuna falta zaigu, eta Rayori irabazteko erne ibili beharko dugu atzean».

Jaisteko postuak zortzi puntura dauzkate txuri-urdinek. Aldea oraindik ere handia da Xabi Prietoren ustez, baina ez fidatzea hobe dela esan zuen: «Beheko taldeen jokoak hobera egin du azken partidetan, eta gauzak estutu baino lehen, puntuak pilatzen hastea komeni zaigu». Hori bai, Rayo Vallecano aurkari gogorra dela aitortu zuen: «Kanpoan etxean baino puntu gehiago batu dituzte, eta horrek zerbait esan nahi du. Ez da lehia erraza izango».

Iñigo Martinez ere mintzatu zen atzo etziko norgehiagokaren inguruan, eta irabazi beste aukerarik ez dutela esan zuen: «Lan saioetan fin ari gara lanean, eta taldea konfiantzaz dago premiazko puntu horiek lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.