Hasi da Espainiako Vuelta, eta hasi, iaz bezala hasi da: Primoz Roglicek (Jumbo) darama soinean liderraren maillot gorria. Esloveniarrak lehen egunetik erakutsi nahi izan du hura dela hautagai nagusia hirugarren aldiz jarraian lasterketa irabazteko. Hura izan da gaur azkarrena Burgosen (Espainia) hasi eta amaitu den zazpi kilometro pasatxoko erlojupekoan. Ikusgarri aritu da, eta aldea atera die aurkari guztiei.
Bikain aritu da ere Alex Aranburu (Astana). Ezkiokoak (Gipuzkoa) lan ikusgarria egin du, eta bigarren izan da, Roglicengandik sei segundora. Azkarra eta jaitsieratan abila da Aranburu, eta hori baliatu du, erlojupekoaren bigarren zatian, errepideak behera egiten zuenean, atzetik aurrera egin eta denbora bikaina egiteko. Ia bi orduz izan da harena denborarik onena. Ondoren aritu diren 101 txirrindulari ez dira gai izan hark baino lan hobea egiteko, baina 102.ak, Roglicek hobetu du. Hala ere, sekulako meritua du Astanakoak egindakoak. Egundoko jauzia eman du sasoi honetan.
Vuelta irabazteko lehiari dagokionez, Roglicek aurreneko kolpea eman du. Dozena bat segundotik gora atera die kontrario guztiei: hamalau, Aleksandr Vlasovi (Astana); hamazazpi, Romain Bardeti (DSM); hemezortzi, Enric Masi (Movistar); hogei, Adam Yatesi (Ineos); 21, Miguel Angel Lopezi (Movistar); 22, Pavel Sivakovi (Ineos); 25, Richard Carapazi (Ineos); 27, Egan Bernali (Ineos); 33, Guillaume Martini (Cofidis) eta Hugh Carthyri (Education First); eta 39, Mikel Landari (Bahrain). Murgiakoa (Araba) aritu da okerren faboritoen artean.