Pro Tour ligako lizentzia jaso du

«Inoizko denboraldirik onena» hobetzeko helburuarekin hasi da lanean Euskaltel-Euskadi

Erredakzioa
Bilbo
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
«Zaila izango da 2011n aurtengo denboraldia hobetzea, inoizko onena izan delako. Hamazazpi garaipen lortu ditugu, inoiz baino gehiago». Egindako lanarekin harro baina etorkizunera begira itxaropentsu hitz egin zuen atzo goizean Igor Gonzalez de Galdeanok, Euskaltel-Euskadiko managerrak. Babesleen eta komunikabideen aurrean aurkezpen ekitaldia egin zuen goizean taldeak, eta, bihar arte, hiru eguneko kontzentrazioa egingo dute Derion (Bizkaia), txirrindulari berriei taldera egokitzen laguntzeko. Aurkezpen horretan izan ziren Miguel Madariaga Euskadi Fundazioko presidentea eta Jose Antonio Ardanza Euskalteleko presidentea ere.

Goizean aurkezpena eta arratsaldean albistea. Izan ere, Euskaltel-Euskadik UCI Pro Tour ligan aritzeko baimena jaso zuen aurkezpena egin berritan. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) atzo eman zuen 18 taldeen zerrenda, eta bertan da Gonzalez de Galdeanok zuzentzen duen taldea. Hamabost taldek nahiko seguru zeukaten parte hartuko zutela, baina UCIren albistearen zain zeuden beste bost talde: Geox-TMC, Ag2r, Cofidis, Quick Step eta Euskaltel-Euskadi. Azken horientzat zorionez, Cofidis eta Geox-TMC geratu dira, azkenean, Pro Tour ligatik kanpo. Aipagarria da Geoxen kasua, Carlos Sastre espainiarra eta Denis Mentxov errusiarra fitxatu dituelako datorren denboraldirako.

Datorren urtekoa Euskaltel-Euskadiren 18. denboraldia izango da, eta baikor dago Gonzalez de Galdeano. «Proiektu honek ilusioa sortzen du. Gainerako taldeen errespetua lortu dugu, daukagun lan egiteko gaitasunagatik eta ematen dugun talde itxuragatik». Managerraren hitzetan, «behingoz, bloke indartsu bat» lortu dute. «Gauza zailak lortu ditugu Vueltan eta Tourrean, eta uste dut talde hau prest dagoela edozein erronkari aurre egiteko».

Cazaux, Izagirre eta Landa

Pierre Cazaux, Ion Izagirre eta Mikel Landa dira 2011rako fitxatutakoak. Gonzalez de Galdeanoren hitzetan, «taldearen filosofiari eta borrokarako pentsaerari» erantzuten diote hirurek. Hiru horiez gain, beste hogei txirrindularik osatuko dute taldea: Samuel Sanchez, Igor Anton, Romain Sicard, Egoi Martinez, Ruben Perez, Amets Txurruka, Gorka Verdugo, Iban Belasko, Mikel Nieve, Juanjo Oroz, Pablo Urtasun, Javier Aramendia, Alan Perez, Iñaki Isasi, Jorge Azanza, Daniel Sesma, Jonathan Castroviejo, Gorka Izagirre, Miguel Minguez eta Koldo Fernandez de Larreak.

Goizeko aurkezpenean, taldea Pro Tour ligan ariko dela argitu aurretik, Gonzalez de Galdeanok keinu txiki bat egin zion Italiako Giroari. «Igor Antonek Giro handi bat egin dezakeela uste dut, baina itxoin egin beharra daukagu. Pro Tourrekoak izan nahi dugu, egutegi horretan lehiatzeko. Hala ez bada, denboraldia desberdina izango da, eta gonbitak lortzen saiatu beharko dugu». Antonek 2005ean parte hartu zuen lehen aldiz Giroan, 22 urterekin, eta sarritan esan izan du asko gustatu zitzaiola. Azken bi urteetan taldea ez da joan Girora, baina 2011n han izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.