mikel reina
HIRUKOTIK

Produktuak

2024ko martxoaren 6a
05:05
Entzun

Emakumezkoen saskibaloia zeresana ematen ari da. Asko, gainera. Euroligan, adibidez, lau kanporaketetatik hiru heldu dira hirugarren eta azken partidara; hau da, partida bakarrean erabakiko dira Lauko Finalerako beste hiru taldeak. Fenerbahce egungo txapeldunak nahi baino estutasun handiagoz gainditu du Perfumerias Avenida. Eurokopako finalerdiak, berriz, gaur hasiko dira. Bihar jokatuko du Roberto Iñiguez gasteiztarrak zuzentzen duen Gironak Besiktasen aurka joaneko partida, Istanbulen (Turkia).

Bidaia horrek baino gehiago, final-laurdenetakoak eragin du iskanbila; joan den ostegunean gertatutakoak, hain zuzen. Eta ez Europan, Espainiako Ohorezko Mailan baizik. Telebista programazioagatik, Valentziaren eta Gironaren arteko partida larunbatean 16:00etara aurreratu zuten. Hau da, 48 ordu baino gutxiagotan bi partida jokatu behar izan zituen Gironak, Turkiarako bidaia tarteko. Aurretik, Valentzia kexu agertu zen ordutegi aldaketak sarrerekin eragindako gorabeherengatik. Gero, Girona ere oso kritiko agertu zen, eta telebistaren interesak jokalarien osasunaren aurretik jarri izana leporatu zien arduradunei. Hain zuzen ere, denek bilatzen duten ligaren profesionalizazioaren bidean onik egiten ez duela adierazi zuten. Laura Peña jokalariak ez zuen partida osteko ohiko elkarrizketan hitz egin nahi izan.

Ez dira erabaki berriak futbolean edota gizonezkoen saskibaloian, non telebistek diru asko jartzen duten partidak emititzeko. Azkenean, haiek hartu dute boterea. Baina, emakumezkoetan, ez dute ezta dirurik jartzen ere, eta zabalkundearen aitzakiagaz ezkutatzen dute guztia. Beste kirolean egiteak ez du esan nahi ondo eginda dagoenik, ezta gutxiago ere.

Salmenta

Produktua behar bezala saltzea da gakoa. Estatu Batuetan inon baino hobeto egiten dute hori. Caitlin Clark, adibidez, erreferente bilakatu dute. Merezita, gainera. Clark denen ahotan dagoen unibertsitateko jokalaria da. Igandean duela 50 urteko Pete Maravichen errekorra hautsi du: NCAAn 3.667puntuak gainditu ditu. Aurretik, WNBAko bi eraztun dituen Kelsey Plum gainditu zuen emakumezkoetan, eta, orain, marka orokorra. Aurten aurkeztuko da Clark WNBAko draftera, eta Indiana Feverrek aukeratuko du lehen postuan.

Sukarra baino gehiago da Clarkek eragiten duena; eromena da. Errekorra hauts zezakeen partidako sarrerek batez beste 500 dolarreko prezioa izan zuten, eta batzuek 4.000 dolar ordaindu zituzten. Estatu Batuetako Unibertsitateen arteko ligetako kamisetarik salduena da berea. Jokatzen duen bakoitzean sarrera guztiak agortzen dira, eta iaz, 55.000 ikusle elkartzeko gai izan zen. Aro berri bat zabal dezakeen jokalari horietako bat izateko jaio da Clark, eta oraindik ez da ezta profesionala ere.

Merkatua

Erreferente bilakatzeko bidean dago Tadas Sedekerskis ere. Lituaniarrak 2029. urtera arte luzatu du kontratua Baskoniarekin; hau da, hitzarmena betetzen badu, hamasei urte beteko ditu Arabako taldean. 15 urterekin heldu zen Gasteizera. Dagoeneko udara begira zurrumurruak hasita zeudenean, kolpe handia eman dute Zurbaoko bulegoetan. Kolpe estrategikoa da. Batetik, denboraldi honetan jauzi itzela eman duelako: Euroligako hegalekorik onenetakoa da, eta txapelketako bigarren errebotatzailerik onena da; Chima Moneke taldekidea bakarrik du aurretik. Zenbaki horiek, normala denez, arreta piztu dute. Dirua baino gehiago, seguru beste taldeek diru gehiago eskaintzen diotelako, bere proiektuan eta taldearenean sinetsi du.

Baina, batez ere, balio sinbolikoa du haren berritzeak. Taldeko kapitaina da: harrobitik ateta zen, lan asko egin behar izan du egungo egoerara heldu arte, tartean lagata aritu da etxetik kanpo. Baina beti leial mantendu da. Gutariko bat da. Mezu argia zabaldu du: konfiantza osoa du klubarengan, eta epe ertain-luzera, gainera. «Seguru nago partida kopuruen errekorra hautsiko dudala. Nire elastikoa Buesa Arenan eskegitzea gustatuko litzaidake». Sergi Vidalek 521 partida jokatu zituen, eta Sedekerskisek 278 daramatza. Bidea du egiteko, baina bide onetik doa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.