Proiektua, ez emaitzak

Ramoneda presidenteak Lasok proiektuari eman dion eta emango dion bultzadan kokatu du kontratu berritzea

Gorka Ramoneda Gipuzkoa Basketeko presidentea eta Pablo Laso entrenatzailea, atzo. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Gorka Ramoneda Lagun Aroko presidenteak eta Pablo Laso entrenatzaileak bigarrenaren kontratu luzapenaren inguruko azalpenak eman zituzten atzo Illunben. Kontratu berrikuntza bera bolo-bolo zebilen kontua zen, baina Ramonedaren azalpenak entzutea interesgarria zen, Lasoren kontratu berritzea taldea sasoiko kirol unerik txarrenean dagoenean gauzatu baita. Momentuak ez dirudi apropos-aproposa, eta Ramonedak lehen esaldian argitu zuen uneak sor dezakeen zalantza: «Gidatzen dudan zuzendaritza batzordeak Lasoren apustua egin du betidanik, eta gure asmoa da Pablok gurekin jarraitzea gure agintea bukatu arte, 2013ra arte. Lasok bultzada erabakigarria eman dio proiektuari, eta, gure ustez, bera da proiektua are gehiago sendotzeko hautagai onena, unean uneko emaitzen gainetik».

Izan ere, azalpen hori gabe ez da ulertzen erraza kontratu luzapena. Azken 14 partidetatik 12 galdu ditu Donostiako klubak, horietatik azken laurak jarraian, eta daukan egutegi gaiztoak ez du baikortasunerako tarte handirik uzten. Lasok berak ere azalpen ona eman zuen kontratu berritzearen unea azaltzeko: «Klubak laugarren postuan geundenean egin zezakeen iragarpena, eta denen txaloak jaso, baina orain egin du, denboraldiz denboraldi baino epe luzeagoari begira lan egiten duela erakutsita. Laugarren gindoazenean ez nintzen hain ona, baina orain, 14. postuan gaudenean ere ez naiz hain txarra».

Lasori galdetu zioten Illunbeko zaleak zatikatuta daudela, ez direla gutxi bere lanarekin konforme ez daudenak eta ea nola har zezaketen kontratu berritzea. Lasok buruz azkarra dela erakutsi zuen, eta agerian geratu zen galdera entzutea espero zuela. «Ez naiz ni izango saskibaloi zalea kritikatuko duena. Haien iritzia soberanoa da, eta nahi dutena pentsatzeko eskubidea dute. Nik ezin dut ezer egin jendearen txistuak isilarazteko, eta nire esku ez dagoen zerbait den heinean, ez naiz sobera arduratzen. Taldea eta jokalariak dira nire lehentasun bakarra. Horren bitartez zaleen txaloak jasotzen baditut, ondo; bestela ere bai».

Konforme ez daudenentzat abisu garbia, agintzen dutenek Lasorekin konfiantza osoa dutelako. Emaitza txarren gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.