Itzulerak izan dira nagusi denboraldiko azken txanpan. Aurreko jardunaldian Brechet izan zen ustekabean hamaikakora itzuli zena, eta oraingoan Aranburu da zaleei berri pozgarria eman diena. Oriol Racingeko atzelariak belauna txiki-txiki eginda utzi zion sarrera tamalgarri batekin, baina badirudi ondo ari dela osatzen, eta Espanyolen aurkako zerrendan sartzea erabaki du Jose Mari Bakerok, talde dinamikara pixkanaka bueltatzeko. Ondo bidean, biek izan beharko lukete funtsezkoak datorren denboraldian. Aranburuk ez du oraindik minuturik izango. Brechetek, ordea, bai. Riesgo ere jokatzeko prest da.
Entrenatzailea ere protagonista izan da azken egunotan, hurrengo denboraldian beteko duen karguaren inguruko eztabaidak -edo karguak- zeresan handia eman duelako. Taldearentzat «baliagarria» non den badakiela esan zien kazetariei, baina ezer argitu gabe. Hori bai, adierazpen mamitsuak egin zituen, ia beti bezala. Taldeak egin duen denboraldiarekin ezin dela pozik egon, bideragarritasun planik onena Lehen Mailan finkatzeko moduko taldea izatea dela, eta oraindik ez diela jokalariei bere etorkizuna argitu, besteak beste. Argi utzi zuen, hori bai, geratzen zaizkion kontratuko bi urteak beteko dituela talde txuri-urdinean, kontrakoa zioten zurrumurruak gezurtatuz.
Gaurko partidaz, Reala irabaztera aterako dela azpimarratu zuen: «Semearekin kartetan galtzea ere ez zait gustatzen». Horretarako jokatzeko moduan dituen guztiak eraman ditu Bartzelonara, Alvaro Novo izan ezik. Erdilari espainiarrak Liga bukaera «bikaina» egin duela, baina fisikoki «tratu handia hartu duelako»atseden ematea erabaki duela esan zuen Realeko entrenatzaileak. Novorena ez da izango hutsune bakarra talde txuri-urdinean. Skoubo eta De Paula min hartuta daude, eta Mikel Alonsok bost txartela pilatu ditu eta partida bateko zigorra bete beharko du. Espanyolek, berriz, dituen arma guztiak zelairatuko ditu hil edo biziko partidan: De la Peña eta Fredson hasieratik ariko dira.
Protagonista, Aranburu
Bakerok erdilari azpeitiarra sartu du lehen aldiz deialdian, aurreneko itzulian lesionatu zutenetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu