Protagonista izan nahi dute

Txapeldunen Ligako bideari bigarrenez ekinen dio gaur Itxakok, Leipzig taldearen aurka, urrats bat aurrera egiteko prest

edurne elizondo
Iruñea
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Ambros Martin Itxakoko entrenatzaileak ez du zalantzarik. Txapeldunen Ligan bertze urrats bat egiteko ordua ailegatu zaio Itxakori, protagonista izateko ordua, eta taldea erantzukizun horri aurre egiteko prest da. Gaur izanen dute jokalariek Europan aurrera egiteko duten grina erakusteko lehen aukera, Leipzig Alemaniako taldearen aurka.

Aurreko sasoian aritu ziren Lizarrakoak lehendabiziko aldiz Europako lehiaketa nagusian -2008-2009 sasoian ez zuten gainditu sailkapen ligaxka-, eta, onenen aurka aritzeko gai direla erakutsi zuten arren, ez zuten lehen fasea gainditu. Halere, esperientzia horrek erakutsitakoa Txapeldunen Ligan bigarrenez ariko diren honetan baliatu nahi du Ambrosek. «Iragan sasoian egindako lanak aurkarien eta epaileen errespetua izateko balioko digu; aldi berean, gure muga non dagoen jakin nahi dugu. Urrats bat egin nahi dugu aurrera, protagonista izan. Hori lortzeko taldea dugula uste dut».

Taldea eta gogoa. Horixe azpimarratu du nafarren entrenatzaileak. «Jokalariak lanean hasteko irrikan dira». Denak, hala ere, ezin izanen dira gaur pistara atera, Naiara Egozkue, Carmen Martin, Macarena Aguilar eta Raph Tervel min hartuta baitaude. Hutsunea betetzeko, harrobiko bi jokalariri emanen die Ambrosek aukera: Leire Aramendiari eta Amaia Azanzari, alegia.

Itxakok aspaldiko laguna izanen du gaur aurrean, Txapeldunen Ligako lehen partidan: Leipzig. Iaz Alemaniako taldearen aurkako finalean irabazi zuen Lizarrako taldeak EHF kopako txapela. 27-19 irabazi zuen final hartako joaneko partida Itxakok, etxean; Alemaniako itzulikoan, berriz, 26-25 galdu zuten nafarrek. Emaitza nahikoa izan zen kopa Euskal Herrira ekartzeko.

«Alemaniarrak ederki ezagutzen ditugu, eta haiek gu ere bai, noski», erran du Ambrosek aurkariari buruz. EHF kopako finaleko taldearekin alderatuta aldaketak izan direla nabarmendu du, eta Leipzigek jokalari funtsezkoetako bat galdu duela, Susan Muller albokoa. «Taldeak egin du sendotzeko ahalegina, hala ere, eta lehen mailako aurkaria dela ezin dugu ahaztu».

Leipzig, hain justu, bigarren da une honetan Alemaniako Ligan. Lehen postuan izan da orain arte, baina asteon, Thueringerren aurka galduta (22-25), lider izateari utzi dio. Ligako bost partida jokatu ditu Leipzigek orain arte, eta Thueringerren aurkakoa da galdu duen bakarra. Bertze lauretan nagusitu egin da. Itxakok bezala, azken bi denboraldietan irabazi dute alemaniarrek euren herrialdeko liga.

Alemaniarren aurkako partidan lehia bizia espero du Itxakoko entrenatzaileak, eta aurkariaren atearen kalitatea nabarmendu du. «Zaila izanen da, baina partida nola edo hala irabazi behar dugu. Partidaz partida egin behar dugu aurrera, helburu zehatzik ezarri gabe geure buruari. Horrela lortuko dugu orain arte egindakoa gainditzea».

Multzo «ustez» errazagoa

Lesioen arazoaz gain asteazkeneko Mar Sagunten aurkako partidak eragindako nekea gaurko norgehiagokarako oztopo izan daitekeela onartu du Ambrosek, baina Txapeldunen Ligan lan ona egiteko gogoa neke horren gainetik dagoela gaineratu du.

Lehiaketa horren eskutik «Lizarran munduko eskubaloirik onena ikusteko aukera» izanen dela erran du entrenatzaileak. B multzoan, Itxakorekin eta Leipzigekin batera, Austriako Hypo Niederoesterreich eta Hungariako Korvex ariko dira.

«Aurreko sasoian egokitu zitzaiguna baino multzo errazagoa da, ustez. Baina, hala ere, hagitz talde onak ditu. Hyporen helburu bakarra da Txapeldunen Liga, bere herriko ligan aurkaririk ez baitu. Korvexek ere nazioarteko jokalari anitz ditu. Taldeok, dena den, ez dute aurreko denboraldian egokitu zitzaizkigunek zuten historia eta ospea Europan», azaldu du Ambrosek bere bertze aurkariei buruz.

Gaur hasiko da lehia, eta taldeko presidente Miguel Bujandak zaleei eskaera berezia egin die: «Bete dezatela pabiloia, taldearen alde egiteko. Funtsezkoa da denen laguntza izatea, lehiaketan aurrera egin ahal izateko». Aurrera egiteko, eta protagonista izateko. Hori da helburua, eta lortzeko erronka gaur hasiko da, Lizarran.



ITXAKO-LEIPZIG

Txapelketa. Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako aurreneko jardunaldia.

Itxako. Navarro, Alizar, Barno, Jessica Alonso, Patri Pinedo, Nerea Pena, Soit, Turei, Begoña Fernandez, Kurbanova, Barbosa, Azanza eta Aramendia.

Leipzig. Zimmermann, Grosser, Voigt, J. Hummel, Schombel, Jaeger, Hansel, Roesike, Hartstock, Koenig, Lindner, Moeschter, Windisch, Bretschneider, S. Hummel eta Schorradt.

Epaileak. Gubica eta Milosevic (Kroazia).

Lekua. Lizarrerria kiroldegia (1.500 ikusle).

Ordua. 19:00 (Canal 6, Teledeporte, Eurosport eta Eurosport 2).

Multzoko beste partida. Gaur, Korvex-Hypo Niederoesterreich (20:25).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.