REIN TAARAMAE
Itzulien lehian sartzeko gai da
•Jaioterria. Tartu (Estonia).
•Jaioteguna. 1987ko apirilaren 24a.
•Ibilbidea. Cofidis (2008tik).
•Lorpen garrantzitsuenak. 2008an Portugalgo Sari Nagusiko bi etapa eta Etorkizuneko Tourreko etapa bat; 2009an Estoniako Txapelketan urrea erlojupekoan eta errepidean, eta L'Aineko Tourreko etapa bat; eta 2011n Estoniako Erlojupeko Txapelketan urrea eta Espainiako Vueltako etapa bat.
EGUNEKO ERORKETA
Kroon eta Vanmarcke, lurretik bueltan
Telebistako irudiei begiratu, eta, bat-batean, basoko zulotik gora egin nahian agertu ziren Karsten Kroon (BMC) eta Sep Vanmarcke (Garmin-Cervelo). Hamazazpi laguneko ihesaldian zihoazen biak, baina erorketa handi samarra izan zuten. Kroon ospitalera eraman behar izan zuten, eta Vanmarcke etapa amaitzeko gai izan zen azkenean.
EGUNEKO AGURRA
Michele Scarponi etxera joan da
Ez zegoen bere onenean, eta atzo amore ematea erabaki zuen azkenean. Andreas Kloedenek (RadioShack) bezperan etsi zuen, eta Michele Scarponik (Lampre) atzo, lehen 25 kilometroak egiterako esan zuen agur. «Gorputza erabat hustuta» zeukala aitortu zuen italiarrak, eta izugarri ari zela sufritzen. Lehen 13 etapak igarota, 24 minututik gora galduta zegoen Lampreko taldeburua.