Aulkitik begira

Prozesua eta jokalariak

Aitor Manterola Garate.
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Bielsa eta Montanier. Entrenatzaileen jiran dabil gure bi talderen jarduna. Marcelo Bielsa eta Philippe Montanier denen ahotan daude. Nik ere biei helduko diet, baina ez asteburuan beren taldeek egindakoagatik, eta ezta biek bizi dituzten egoera ezberdinengatik ere. Realekoak ostiralean egin zituen adierazpen batzuei lotuko natzaie. Hitzok entzun eta gero,Athleticekoak duela ia hamar urte esandako beste hitz batzuk etorri zitzaizkidan burura.

2002ko Munduko Kopa. Argentinako entrenatzailea zen orduan Bielsa. Faborito handiaren izena soinean jarrita heldu zen selekzioa lehiara. Sailkatzeko fasean, emaitza bikainak lortu zituen, eta joko ona egin zuen. Baina txapelketak zartako latza eman zion. Lehen fasean kalera. Ingalaterra, Suedia eta Nigeria zituen multzoko aurkari, eta ez zen sailkatu. Jota zegoen Bielsa, baina prentsaren aurrean zerbait esan behar. Gutxi gorabehera, honela azaldu zien barruan sentitzen zuena: «Prozesua da garrantzitsuena, nahiz eta emaitzen eragina oso handia izan. Emaitza txarra izan dela onartzen dut, baina prozesua, oso ona». Txapelketaren aurreko lana oso ona izan zela esan zien kazetariei, eta horrek betetzen zuela, nahiz eta emaitza txarren eraginez jota egon.

Ostiralean, Zubietan. Montanier antzera mintzatu zen Espanyolen partidaren aurretik: «Garaipena ez da programatzen, aurretik eraikitzen da». Prozesua berriz ere. Baina beste zerbait gehituz: irabazi baino lehen ezinbestekoa da lan ona egitea. Irabazteko, funtsezkoa da lan ona egitea lehenago.

Teoriatik praktikara. Montanierren hitzak gustatu zitzaizkidan. Gauza bera pentsatzen nuen duela zenbait urte, entrenatzaile hasi berritan nengoela. Lana ona bazen, emaitzak heldu egiten ziren ustean nengoen. Baina gerora, urteen joanean, konturatu naiz teoria eta praktika elkar uztartu ezinik ibil daitezkeela. Lana ona izan daiteke, baina emaitzak, txarrak. Eta alderantziz: lana txarra, eta emaitzak onak. Talde batek lan zoragarria egin dezake denboraldi osoko entrenamenduetan, baina gero, partidetan, aurkarien jokalariak askoz hobeak badira, zaila da emaitza onak lortzea. Denboraren joanean, lan onean sinesten segitzen dut, baina norbere jokalarien mailak ere eragin handia dauka.

Lan onik gabe, irabazi. Prozesuaren gai horretan, entrenatzaile bakoitzak berea izango du. Metodologia ugari daude. Bi adibide muturreko jartze aldera: batek landuko ditu kontu txikienak ere, mugimendu guztiei egundoko garrantzia emanez. Bielsa izan daiteke multzo horretako bat. Metodo analitikoa erabiltzen dute gehienbat, hau da, arlo bakoitza bere aldetik lantzen dute, eta ez nahasian. Beste batek, aldiz, errazetik joko du, ez die asko erreparatuko mugimenduei, adibidez. Praktikotasuna izango du oinarri. Horien metodoa integratua izango da: arlo guztiak nahasian landuko dituzte. Ez dut esan nahi metodologia integratua txarra denik, ezta gutxiago ere. Hau irakurri eta gero, pentsatzekoa da lehen multzokoek emaitza hobeak lortuko dituztela. Baina ez da beti hala izaten. Metodo denak dira onak, eta denak txarrak. Guztiek dituzte aldeko eta kontrako ezaugarriak. Baina berriro ere, jokalarien mailaren eragina azaltzen baita. Jokalari onekin... Eta txarrekin...

Athletic eta Reala. Batean, Bielsaren metodologia dago oinarrian. Bestean, Montanierrena. Biek dute metodologia. Argentinakoaren taldea jokatzen ikusita, argi dago asko lantzen dituztela taktika eta teknika. Prozesua ikusi egiten da. Normandiakoaren taldean apenas ikusten den ezer zehatzik. Anabasa da nagusi, neurri handi batean. Galdera pare bat, bukatzeko: Bielsaren metodologia erabiliko balu, emaitza hobeak lortuko al lituzke Montanierrek? Bielsak Realeko jokalariekin lortuko al luke Athleticekoekin lortzen ari dena? Gustatzen zaizkit prozesuak, gogoko dut metodologiaren gaia, eta kontu horietan sakontzea eta ikastea atsegin dut. Baina azkenaldian gero eta gehiago erreparatzen diot jokalarien mailak duen eraginari. Entrenatzaile batek hobea egin dezake talde txar bat, baina hortik irabaztera jauzi handi samarra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.