Antonio Serrano Madrilgo 31. Instrukzio Epaitegiko epaileak gaur jakinarazi die Puerto auziarekin zerikusia duten aldeei sumarioa itxi duela, eta, halaber, inputatu guztiak kargurik gabe libre geratu direla, eta haien kontrako badaezpadako neurriak bertan behera utzi dituela.
Epailearen arabera, Guardia Zibilak egindako ikerketetan ez dago Espainiako ordenamendu juridikoan delitutzat jotzen denaren kontrako ekintzarik; hau da, osasun publikoaren kontrako deliturik ez dagoela ebatzi du. Hala ere, kirol ikuspuntutik "zuzenak" ez diren zenbait jokabide egon daitezkeela iradoki du, eta haiek behin betiko baztertzeko deia egin.
Ildo horretatik, Paris-Niza lasterketako parte-hartzaileek minutu bateko isilunea egin dute gaur abiatu aurretik, eta, halaber, minutu bat beranduago irten dira, Puerto auzia-k izen duen bilakaeraren kontra protestatzeko.
2006ko maiatzaren 23an hasi zen Puerto auzia. Ustez kirol dopinarekin zerikusia zutelakoan bost lagun atxilotu zituzten, Eufemiano Fuentes kirol medikua eta Manuel Saiz Liberty taldeko kirol zuzendaria, beste batzuen artean. Guardia Zibilak izoztutako 100 odol eta plasma poltsa atzeman zituen, baita ustez kirol dopinarekin zerikusia zuten txosten, entrenamendu plangintza eta odola izoztu eta garbitzeko makinak ere. Inplikatutako txirrindulariak ere dozenaka izan ziren. Batzuk lanean jarraitu ahal izan dute, besteak ez, eta langabezi saria jasotzen ari dira. Epaileak deliturik ez duela atzeman esan du orain.
Txirrindularitza
'Puerto auzia' itxi duela jakinarazi die epaileak aldeei
Osasun publikoaren kontrako deliturik ez dagoela erabaki du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu