Punteria eta jarrera okerra

Athleticek denboraldi honetan jaurti dituen bost penaltietatik hiru huts egin dituTaldean «psikosia» eta «konfiantza falta» dagoela uste du Aitor Larrazabalek, talde zuri-gorrian egon den azken espezialistak

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Athleticek garaipen garrantzitsua lortu zuen Vicente Calderonen. Madrilen irabazteak prestigioa ematen du. Gainera, aurkari zuzen bat atzean lagatzeko ere balio izan zuen garaipenak. Irabazi egin zutenez, inor gutxik erreparatu dio partidan gertatutako zenbait konturi. Baina pentsatzekoa da taldean emaitzak ez duela aparteko pisurik izango partidak aztertzean. Ez litzateke horrela izan beharko, behintzat. Athleticek alde izan zuen penaltia aztertu beharko lukete teknikari eta jokalariek. Batetik, Athleticek huts egin zuelako. Berriz ere. Eta, bestetik, jaurtiketaren aurretik eta ondoren baloiaren inguruan ibili ziren jokalarien jarrera okerra izan zelako. Muniainena, eta, batez ere, Llorenteren jarrera onartezina izan zen. Gazteenari esan beharko litzaioke zelaian ezin dela keinu zatarrik egin. Itxura txarra emateaz gain, batasun falta adierazten du. Aurrelariari, berriz, talde lana norberaren interesen gainetik dagoela gogoraraztea komeni da. Bera ez zen lehen aukera. Gainera, jakin beharko luke ez dela fidagarria arlo horretan: sasoi honetan bota dituen biak huts egin ditu.

«Calderonen ikusitakoak kalte egiten dio taldeari. Jakinekoa da Llorente golegile ona dela eta oso futbolari garrantzitsua dela Athleticentzat. Hala ere, horrek ez du esan gura arlo guztiak menperatzen dituenik», esan dio BERRIAri Aitor Larrazabalek. Loiuko ezker hegaleko ohia Athleticek 11 metroetatik izan duen azken espezialista da. Makina bat aldiz egokitu zitzaion penaltiak jaurtitzea. Eta ia beti ondo: bai jaurtitzean, bai erabakiak hartzean. Hura zelaian zegoenean ez zegoen azken uneko eztabaidetarako tarterik.«Gauzak berba eginda eta adostuta zelairatu behar du taldeak. Calderonen gertatutakoa lekuz kanpo dago. Keinu bat nahikoa izan behar da gauzak argitzeko. Eskerrak irabazi egin zutela, bestela, zeresana emango luke kontu horrek aste guztian».

Calderonen gertatutakoa ez errepikatzeko, zelairatu aurretik hari guztiak lotu behar direladio. Eurek hala egiten zuten. «Adibide bat emango dizut: Santiagon ari ginen jokatzen. Sasoi hartan Ander Garitano zen penaltiak jaurtitzeko arduraduna. Epaileak penaltia adierazi zuenean berak hartu zuen baloia, baina nik jaurtitzeko eskatu zidan. Gustura jaurti nuen, baina nik argi nuen bera zela lehena». Txarto egindakoetatik ikasi eta aldagelan gauzak argitu dituztela dirudi. «Penaltia lan horretarako aukeratutakoak jaurti behar du. Calderonen gertatukoak ez du aldagelako errealitatea islatzen. Orain argi daude gauzak. Ez da errepikatuko», esan zuen herenegun Pablo Orbaizek.

Inork ez du zalantzan jartzen Athleticeko jokalarien profesionaltasuna eta konpromisoa. Euren arteko harremana ona da, eta aldagelan dagoen batasuna da Athleticen dohain nagusietako bat. Beraz, joan den igandekoa ez dela berriz gertatuko badiote, ez da berriz gertatuko. Jarrera hobetuko dute, baina ez dago horren argi punteria hobetuko dutenik. Sasoia hasi zenetik bost penalti egin dizkiote, eta bi baino ez dituzte sartu, San Josek sartutakoak biak —beste bat huts egin du—.

Erdiak baino gutxiago. Ez da aurtengo kontua bakarrik. Azken denboraldiotan antzeko batez bestekoa izan du Athleticek. Larrazabalek futbola utzi zuenetik 49 penaltitik 29 sartu ditu. Futbolean gola sartzeko dagoen aukera onena arazo bihurtu da, beraz. «Ez da normala. Azken urteotan kale larregi egin ditu Athleticek arlo horretan. Jokalarien artean psikosia dagoela uste dut. Ez bakarrik egindako hutsengatik, baizik eta penaltia jaurti duten jokalari kopuruagatik. Azken lau denboraldiotan talde erdia ikusi dugu penalti puntuan: Iraola, Gabilondo, David Lopez, Llorente, Yeste, San Jose, Javi Martinez… konfiantza falta zaie. Ez da komenigarria horrenbeste aldatzea».

Larrazabalek bi aldeak ezagutu ditu. Futbolari profesionala izan zenean, jaurtitzailea izatea egokitu zitzaion. Egun, berriz, entrenatzaile lanetan ari da Lemoan. Teknikari batek «bizpahiru» jokalari aukeratu behar dituela uste du. Berak haien esku lagatzen du azken erabakia. Sentsazioen arabera, hain zuzen. «Jokalariek askatasun osoa izan behar dute unea ailegatzen denean erabakiak hartzeko. Guk hala egiten genuen».

«Koikiliri emangonioke aukera»

Azken urteetan futbolari askok jaurti dituzte penaltiak Athleticen. Ezaugarri askotako jokalariak izan dira. Hala ere, inork ez du taldekideen eta zaleen konfiantza lortu. Inguruan gertatzen ari denak gutxien eragiten dion futbolaria da Larrazabalentzat penaltiak jaurtitzeko jokalaririk aproposena. «Odol hotzekoa izan behar da. Kanpotik begiratuta erraza dirudi, baina gaitza da. Ardura handia da. Bakarrik zaude atezainaren aurrean, eta huts eginez gero kalte handia egin diezaiokezu taldeari. Kale eginez gero, errudun sentitzen zara. Pena handia sentitzen da taldearengatik». Koikili omen da, haren ustez, aproposena. «Nik Koikiliri emango nioke aukera. Beheko mailetan espezialista ona izan daitekeela erakutsi du. Hotza da, eta ondo egiten dio aurre presioari. Une berezi horietarako aproposa dela uste dut». Beste bat zerrenda amaigaberako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.