Denboraldiko lehen titulua hilabete batzuk geroago etorriko da. Etortzekotan. Baskoniak ez du Superkopako final handia jokatuko, lehiaketako lehen finalerdian Valentziaren aurka galdu baitzuen. Han eta hemen esan eta idatzi da Baskonia bere sasoi puntu onenetik urrun dagoela, eta bete egin zen susmo hori. Joko eskasa egin zuten arabarrek, beti presaka, eta jaurtiketetan asmatu ezinik. Iritsi berriek ez zuten goraipatzeko moduko ezer egin, Bjielicaren jokaldi pare bat izan ezik, eta etxekoek, hau da, taldean berriak ez diren jokalariek eskertzeko moduko ahalegina egin arren, alferrikakoa izan zen. Superkopa ahaztu eta Liga prestatzen hasteko garaia da.
Huertas, Logan, San Emeterio, Teletovic eta Barac kantxaratu zituen Ivanovicek hasierako bostekoan, eta egurrean hasi ziren. 7-0 aitaren batean. Gakoak, errebotea eta abiadura. Teletovic eta Barac asmatzen ari ziren, eta 14-7 ihes egin zuen Baskoniak, baina Baracen bigarren pertsonalak zulo handia ireki zuen Baskoniaren saskipean, eta Valentziako Listxuk bereak eta bi egiten hasi zen.
20-18 bukatu zen lehen laurdena Baskoniaren alde, baina zenbakiek errealitate gordina erakusten zuten ordurako: %20 hiruko jaurtiketetan. Egoerak txarrera egin zuen bigarren laurdenean. Baskoniak komeria asko zituen saskiratzeko. Baldar ari zen jaurtiketetan, bai bikoetan, bai hirukoetan, eta trantsizio azkarretan saiatu beste erremediorik ez zuen izan. Defentsan errebotea berreskuratu, eta korrika egin.
Kantxaren bestaldean, talde landuagoa. Sundov dorreak agerian utzi zuen Baskoniak saskipean daukan arazoa, eta 12 puntu saskiratu zituen. Hilabeterako kontratua sinatu du Sundovek Valentziarekin, eta askok pentsatu zuten Buesa Arenan Sundov zergatik ez zegoen Baskonian. Pibotarekin batera, Nando De Colo ere erabakigarria izan zen. Manuel Hussein entrenatzaileak Omar Cooken aldeko apustua egin zuen hasieran, baina De Colok beste bizitasun bat eman zion taldeari, eta asistentzia onak banatu. 25-29 aurreratu ziren Valentziakoak, baina Baskoniak azken ahalegina egin zuen atsedenaldia iritsi aurretik, eta 37-34 aurreratu.
Bihotzarekin nahiko ez
Baskoniaren gabeziak estaltzen zituen markagailua zen. Huertas aulkian zegoela, Ribas eskas aritu zen gidaritzan, Oleson eta Teletovic trakets jaurtiketan eta Baracek, zenbaki onak lortzen ari bazen ere, estimu eta konfiantza dezente falta zaiola agerian utzi zuen. Kroaziarrak13 puntu eta 10 errebote lortu zituen, baina azken bi urteetan maiz egin dituen akatsak errepikatu zituen: jaurtiketa errazak saskipean, falta inozoak, buruz buruko jokaldiak egiteko gaitasun eza...
Hori guztia soberan dauka Listxuk ukrainarrak. 12 puntu jarraian saskiratu zituen Teletovicen eta Baracen defentsa epelaren aurrean, eta Valentzia aurretik jarri zen. 43-48, zaleen marmarra eragiteraino. Eta halaxe eutsi zion, De Colok atzokoa bere gaua zela erabaki zuelako. Lau metrotik, barneraldiak... Huertas, Logan eta Ribas erotu zituen. Baskoniak hiru minuturen faltan bakarrik lortu zuen markagailuan berriro aurrea hartzea: 62-61. Barac izan zen egilea, saskipean edonork aise lortuko lukeen saskiratzea zail eginez.
Baina ez zen Baracen eguna. Ezta Baskoniarena ere. De Colorena zen, eta etxeko lanak ondo egin zituen taldearena: Valentzia. Joko antolatzaile frantziarrak hartu zuen erantzukizuna, eta Baskonia hautsi zuen hiru segundora saskiratze bikaina lortuz. Azken hiru segundoetan hiru jaurtiketa huts egin zituen Baskoniak. Partida esaldi batean laburbiltzeko denbora nahikoa. Datu bi. Baskoniak jaurtiketen %36 bakarrik asmatu zuen. Bereziki txarra izan zen hirukoen estatistika: %22. Arabarrek 18 errebote lortu zituzten erasoan, baina halere ez zuten irabaztea lortu.
Caja Laboral Baskonia 66
Valentzia 67
Caja Laboral Baskonia. Huertas (10), Logan (2), S. Emeterio (12), Teletovic (14), Barac (13) -hasierako bostekoa- Ribas, Oleson (2), Bjelica (3) Pietrus (5) eta Haislip (5).
Power Electronics Valentzia. Cook, Martinez (6), Richardson (2), Savanovic (10), Lishchuck (18) -hasierako bostekoa- De Colo (17), Simeon, Claver eta Sundov (14).
Markagailua. 20-18, 37-34 (atsedenaldian); 52-53 eta 66-67.
Epaileak. Martin Bertran, Redondo eta Perea. Kanporatuak: Baskoniako Barac.
Bestelakoak. 9.200 ikusle inguru Gasteizko Buesa Arenan.
Beste finalerdia. Bartzelona 89-Real Madril 55.
Punteriarik ez, jokorik ez
Baskoniak zer hobetu asko daukala erakutsi du Superkopako lehen finalerdia galduta; arabarrak eskas aritu dira jaurtiketetan. Taldera iritsi berriek apenas lagundu zuten, Bjielicaren jokaldi pare bat kenduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu