Hutsean amaitu da Realaren eta Athleticen arteko euskal derbia Anoetan. Emaitza justua, inolako dudarik gabe. Izan ere, bi taldeak nor baino nor gehiago aritu dira hasi eta buka, eta inor ez da bestea baino gehiago izan. Lehen zatian nagusitasuna erakutsi du Athleticek, eta bigarrenean gehiago izan da Reala. Ondorioz, puntu banarekin konformatu behar izan dute. Akaso puntua ez da bi taldeetako bakar baten gustuko izango, sailkapenaren behekaldean jarraituko dutelako, baina nola txuri-urdinek hala zuri-gorriek erakutsi dute talde ona dutela.
Partidako lehen zatian Athletic gehiago izan da. Zelai edian ez da inor nagusitu, baina Raul Garciaren eta Adurizen indarrak zeresana eman du. Baloi guztiak borrokatu dituzte, eta indarraren poderioz zuri-gorriak gehiago heldu dira aurkariaren ate ingurura. Hori bai, gol aukera garbirik sortu gabe. Bigarren zatian, berriz, beste gose batekin zelairatu da Reala, eta minutu askotan janda egon bada ere, berak izan ditu partidako gol aukerarik garbienak. Canalesek, esate batera, ezker oinarekin jaurti du 66. minutuan, eta baloiak ozta-ozta alde egin du zutoin ondotik. Geroago, aukera hirukoitza izan dute txuri-urdinek, eta baloia ama-ama izan arren, ez dira sareetara bidaltzeko gai izan.
Ondorioz, emaitza justuarekin amaitu da derbia, eta bi taldeek ere lanean jarraitu beharko dute sailkapen nagusiko onenen artera iristeko. Momentuz, Realak sei puntu ditu sailkapenean, eta Ahtleticek lau.