ALAVES 2-2 LEVANTE

Puntu bat gertuago du helburua

Alavesek berdinketa lortu du Levanteren aurka, sufrituta, Joseluk azken unean sartutako gol bati esker. Aurretik jarri da lehen zatian, baina alferrik galdu du abantaila

Alaveseko jokalariak, Joseluk sartutako binakoa ospatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
enaut agirrebengoa
2021eko maiatzaren 8a
17:34
Entzun

«Gaitz erdi!» esanez bukatu du Alavesek gaur Levanteren kontra jokatu duen partida. Puntu bakarra bildu du, eta hiru behar zituen, baina esku hutsik gelditzear izan da. Horregatik, ontzat jo du berdinketa, Joseluk azken txanpan sartutako gol bati esker eskuratua. Hobe zerbait, ezer ez baino. Hori bai, estutu egin beharko du azken hiru lehietan, puntu bakarrera baitu jaitsiera.

«Ahalik eta talderik onena» zelairatuko zuela esan zuen Javier Callejak partidaren atarikoan. Bada, hamaikakotik kanpo utzi du Lucas Perez, Jota aurreratu eta Pere Pons zelai erdian sartzeko. Atzeko lerroan, berriz, ezker hegalera itzuli da Duarte, min hartuta egon eta gero.

Irabazi beharreko lehia zuen Alavesek, baina aparteko kemenik gabe ekin dio neurketari. Ez zuen gol goiztiarrik jaso nahi, eta, horretarako, bere zelaian paratu ditu lerroak. Levanteren abiadurarekin ez sufritzea zen arabarren lehentasuna. Haatik, 21. minutuan lehen gola sartzear izan da kanpoko taldea, falta batean prestatutako jokaldia eginda. Dani Gomez bakar-bakarrik agertu da bigarren zutoinean, baina haren jaurtiketak Pachecoren eskuekin egin du topo.

Geldikako jokaldiak kateatuz hazi da Alaves. Joseluk falta bat behartu, eta zirimola bihurtu dira etxekoak. Gero, bi korner atera dituzte bata bestearen atzetik, eta, lehen ordu erdia betetzearekin batera, aurrea hartu dute markagailuan, Ponsen bitartez. Rober Pierrek kale egin du Riojaren erdiraketa bat urruntzerakoan, eta erdilari kataluniarrak zartako batez bidali du baloia sareetara.

Gola jaso ondoren, kornerrak pilatzen jarraitu du Alavesek. Esnatu orduko lokartu egin da, ordea, eta, ohartzerako, partida irauli egin du Levantek. Hiru lehia zeramatzan golik sartu gabe; bada, bi sartu ditu Moralesek bost minutuko tartean: lehena, De Frutosen erdiraketa boleaz maisuki errematatuta, eta bigarrena, kontraeraso oso azkar batean. Garesti ordaindu du Arabako taldeak aurkariari korri egiten utzi izana.

Presazko erreakzioaren bila, atsedenaren ostean Lucas Perez zelairatu du Callejak. Levante bere zelaian sartzen ahalegindu dira arabarrak, baina nekez sortu dituzte aukera garbiak. Ideia gutxi zuten, eta presa eta antsietate handia. Urduritasunaren isla izan da Joseluk tokitara bidali duen jaurtiketa, atezainarekin buruz buru zela. Alta, Alavesek ez du amore eman, ezta Joseluk ere, eta 88. minutuan binakoa egin du, buruz. Cardenasek baloia atetik atera du, baina marra jada igaroa zenean. Bederatzi minutu luzatu ditu epaileak, baina gasteiztarrek ezin izan dute garaitzeko gola sartu. Konforme gelditu dira, halere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.