Aparteko jokorik egin gabe, baina beste batzuetan erakutsi ez duen kemenari esker, berdinketa lortu du Realak Vallecasen. Eusebiok zuzendutako taldea birritan izan da atzetik markagailuan, eta bietan lortu du berdintzea. Gertu ditu oraindik jaitsiera postuak, halere.
Estrategia jokaldiak erabakigarriak izan dira partidan. Izan ere, korner batean egin du Rayok partidako lehen gola, Diego Llorentek 16. minutuan erdiraketa bat buruz errematatuta. Realeko atzelariei aurre hartu die Rayoko jokalariak, eta Rullik ezin izan du ezer egin. Falta batean heldu da Realaren lehena, 27. minutuan. Pardok erdiratutako baloia Elustondok sareratu du, buruz.
Bigarren zatian, kontraerasoan egin du Rayok 2-1ekoa. Jozabed Rulliren aurrean geratu da 49. minutuan, eta aise gainditu du atezain argentinarra. 62. minutuan, berriz, Brumak egin du txuri-urdinen bigarrena, korner bat erdiratu eta area barruan boleaz errematatuta.
Hamazazpi puntu ditu Realak, eta 14. postuan da. Bi puntura ditu bigarren mailara jaisteko postuak.