Futbola. Europako Liga. Athletic

Puntu bila, zauriak ixteko

Athleticek beste aukera on bat dauka egoerari buelta ematen hasteko, gaur Pragan, Europako Ligako partidanEmaitza txar batek sakondu egingo luke krisia eta asko zailduko luke sailkapena

Puntu bila, zauriak ixteko.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Pragan egon diren lagun guztiak bat datoz hiriaren gainean iritzia emateko orduan: polita, lasaia eta ederra da. Ikusteko modukoa. Beraz, bisitan joateko leku aproposa da. Athletic ez da opor giroan joan, baina beharbada on egingo dio eguneroko dinamikatik ateratzea gura baino gehiago nahastu den egoerari buelta ematen hasteko.

Marcelo Bielsaren taldearentzat edozerk balio du arnasa apur bat hartu ahal izateko. Zulo sakon eta beltzetik nola atera asmatu ezinda baitabil. Horregatik, jokatzen diren norgehiagoka guztiak dira aproposak aurrerapausoak emateko: eguneroko beharrak eta neurketa ofizialetako emaitzek besterik ez baitute balio txarto egindakoak konpontzeko.

Horregatik, Athleticentzat balio handia dauka gaurko norgehiagokak. Sasoi hasierako bidea zuzentzeko aukera gisa hartu behar da Sparta Pragaren aurkako neurketa. Eta, era berean, urtero egoten ez den aukeraz gozatzeko parada izango dute jokalariek. Ez baita egunero izaten Europako Ligan aritzeko aukera. Ez, behintzat. Athleticen elastikoa defendatzen duten futbolariek. Hala ere, Bielsa aulkian egonda, zaila da lehiaketa batekin gozatzera zelairatzera. Argentinarrak lehiatzea eskatzen du. Neurketa irabaztea. Azken minutura arte borrokatzea. Eta emaitza ona ez bada, edota berak esperotakoa ematen ez bada, ez da gustura geratzen. Beraz, gozatzea kosta egiten da. Finean, futbolean oso gutxitan gozatzen dela esan daiteke. Kirol profesionalean garaipenak baino ez du plazera ematen.

Gozatu edo ez gozatu, balio handia duten hiru puntu eskura ditzake talde zuri-gorriak. Batetik , galdutako konfiantza berreskuratzeko garrantzi handia izan dezakeelako. Athletic familia urduri dagoelako oso. Zalantza asko dituen taldea da, eta, jokalariak gauzak txarto egiten ari direnez, kosta egiten zaie, hain zuzen ere, entrenatzaileak agintzen dienean sinestea. Futbola kate bat baita: entrenamenduetan landutakoa zelaian erakusten ez bada, emaitzak txarrak izaten dira, eta, markagailuak ikusi gura denaren kontrakoa erakusten duenean, galdu egiten da konfiantza jokatzeko eran. Hori da Athleticek saihestu behar duena, hain zuzen ere. Oraingoz itsu-itsuan sinesten dute arrakastara eraman duten jokamoldean. «Ez gara ondo hasi. Baina denboraldia luzea da, eta ezin dugu argi gorria piztu. Buruari hotz eutsi behar diogu», esan du Ander Iturraspek partida aurretik. Aldeak lan egiten jarraitzen du, eta, burugogorrak garenez, aurreko sasoian horrenbeste poz eman zigun sistemarekin jarraitu behar dugu». Erdilariaren antzera pentsatzen badute, gainerako jokalariek askoz errazagoa izango da goranzko bidea egitea.

Luzera begira konfiantza berreskuratzea da lehentasuna. Oraindik zortzi hilabete luze iraungo duen denboraldia jokatu behar da eta. Baina luze gabe ere badaude helburu garrantzitsuak. Besteak beste, Europako Ligako etorkizuna izan lezake jokoan Athleticek gaur Generali Arenan. Sei neurketako ligaxka batek ez baitu huts asko egiteko tarterik eskaintzen, eta Athleticek egin du dagoeneko lehenengoa. Etxean multzoko talde eskasenaren kontra berdintzea kale egitea baita. Beraz, jokoan dauden aukera bietako bat eskuratzeko ezinbestekoa izango da gaur irabaztea. Hala gertatzen ez bada, geratzen diren lau jardunaldietan ia dena irabaztera behartuta egongo litzateke Bielsaren taldea.

Bielsa: «Erasanda nago»

Egoera zein den aintzat hartuta, ez litzateke oker ariko Athleticek antsietatearekin jokatuko duela pentsatzen duena. Baina aurrean egongo den taldearen sintomak ere Bielsarenaren oso antzekoak dira. Etxean ariko den taldea bolada txarrean baitago. Lehen jardunaldian Olympique Lyonen etxean galdu ostean (2-1), Sparta Praga ere behartuta dago puntuak pilatzera. Lehen jardunaldian multzoko talde indartsuenaren etxean galtzea logikaren barruan sartzen da, baina kontua da Txekiako Ligan ere zailtasunak izaten ari dela. Sasoi hasiera ikusgarria egin ostean, azken hiru norgehiagokak jarraian galdu ditu Vitezslav Lavickak zuzentzen duen taldeak. Ondorioz, lehen postutik laugarrenera jaitsi da azken hilabetean. Hortaz, etxekoek ere nabarituko dute egoeraren estutasuna.

Europako lehiaketetako klasiko bat izan arren, ezer gutxi dakite Athleticeko jokalariek kontrarioaz. «Teknikariek atzelarioi nabarmendu digutena da erdiko aurrelari indartsu bat eta erdilari aurreratu bizi eta azkar bat duela Spartak», azaldu du Iturraspek.

Athletici dagokionez, aulkian egongo da asteon ere protagonista izan den Fernando Llorente. Atzo Bielsak asteleheneko entrenamenduan gertatutakoaz hitz egin zuen. «Egiten ari zena ez zitzaidalako nahikoa iruditzen bidali nuen aldagelara, baina gero berarekin hitz egin nuen, eta esan zidan dena ematen ari zela. Interpretazio subjektiboa izan dezakeen gai bat denez, onartzen ditut haren azalpenak. Gainera, ulertu behar da guztion animoa ez zela onena derbia galdu eta gero. Erasanda nengoen. Bakea ez egoteak ez du esan nahi batasuna ez dagoenik». Aulkian, Llorenteren ondoan egongo da Ander Herrera. Pubisean ebakuntza egin ziotenetik hilabete ere ez da pasatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.