Eibarrek ondo ekin dio sasoiari, eta atzo beste puntu bat gehitu zion boladari. Puntu garratza izan baina, etxekoek gehiago merezitzeko moduko lana egin zutelako. Bigarren minutuan aurreratu ondoren ezin izan zioten eutsi errentari. Levanteren aurkako partidaren antza izan zuen, eta zaleak bi puntu galdu izanaren sentsazioarekin irten ziren Ipuruatik. Celta deseroso jokatzera behartu zuen Eibarrek, eta bigarrena sartzeko aukera izan zuen. Bigarren zatian, baina, aurkariaren kalitatea agertu zen. Golak haserrea sortu zuen harmailetan, Celtak ez zuela erabat zintzo jokatu. Emaitzari esker Eibar 7. postuan dago.
Eibar ezin hobe hasi zen, bigarren minutuan sartu baitzuen gola. Korner itxi batean Sergi Enrichek baloia buruz ukitu eta BorjaBastonek ate aurrean ehizatu zuen baloia. Aurrelariaren hirugarren gla da Eibarren elastikoarekin. Zailena eginda zegoen, eta Celtak ondo erantzun zuen. Hamabost minutu oso on izan zituen, eta aukera garbi pare bat. Garbienean Riesgok geldiketa handia egin zuen Bongondaren jaurtiketan.
Celtaren gasak ez zuen asko iraun, eta lehen zatiko azken minutuetan Eibarrek jokoa lotu zuen. Celtak kalitate handia du, baina Ipuruan asko sufritu zuen. Bigarren zatia antzera hasi zen. Eibarrek lan eskerga egin zuen Celta deseroso jokatzera behartzeko, eta presioari esker bizpahiru gol aukera on izan zituen.
Gola, baina, Celtak sartu zuen jokaldi nahasi batean (75. min.). Kanpokoek baloia itzuli behar zuten jokaldi batean estu hartu zuten Eibar. Jonnyk baloia lapurtu zuen, hegaletik jokaldi dotorea egin eta haren erdiraketa zehatza Iago Aspasek baliatu zuen. Azken minutuetan Eibarrek sufritu egin zuen.
Bigarren zatian epailea lagun izan zuen Eibarrek, penalti adierazteko jokaldi pare bat egon zirelako. Baloak bi aldiz jo zuen Caparen besoan, eta epaileak ez zuen penaltirik adierazi ez batan ez bestean. Portugaletekoa ez dago ohituta atzean jokatzera eta halako keinuetan nabaritzen zaio.
Osasunak, husna
Bigarren Mailako euskal taldeetako bik ere atzo jokatu zuten. Osasunak husna egin zuen etxean Kordobaren aurka eta lehen postuan jarraituko du beste astebetez. Athletic B-k, aldiz, 1-0 galdu zuen Ponferradinak partidako azken txanpan sarturiko golaren erruz. Zuri-gorriek partida ona egin zuten eta merezi baino askoz zigor handiagoa jaso zuten. Gaur jaitsiera postuetan sar daitezke.
Osasunak partida ona egin zuen, eta zelai erdian Kordoba baino gehiago izan zen arren, ez zuen baliatu erasoan. Gorritxoek hirugarren garaipena nahi zuten jarraian, baina Kordobak lan oso serioa egin zuen defentsan. Mailako talde sendoenetako bi direla erakutsi zuten eta berdinketa emaitza justua izan zen.
Athletic B-ren, kasuan, aldiz, emaitza ez zen batere justua izan. Bilboko taldea Ponferradina baino hobea izan zen eta aukera gehiago izan zituen. Ate aurrean barkatu egin zuen baina, eta Yurik larrutik ordainarazi zion. Ponferradinako aurrelariak 85. minutuan sartu zuen partidako gol bakarra. Alavesek gaur jokatuko du 6. jardunaldiko partida, Leganesen aurka, etxean (17:00).