Inor gutxi irten zen pozik bart Anoetatik. Realak eta Osasunak erritmo eta aukera gutxiko neurketa jokatu zuten. Realak bigarren derbia jarraian irabazi nahi zuen, baina puntuak ez dio balio sailkapenean aurretik dituen taldeen erritmoa jarraitzeko. Eta Osasunak, berriz, jaitsiera postuetan jarraituko du, nahiz eta etxetik kanpo puntuak eskuratzea beti den pozgarria.
Neurketa irabazteko aukera zutela hasieratik ikusi zuten gorritxoek. Realak ez zuen erasoan liga hasieran erakusten zuen freskotasunik, eta zelaian sendo zeuden nafarrak. Are gehiago Willian Jose eta Sagnanen artean gol bat oparitu zietenean, 20. minutuan. Aurrelari brasildarrak baloia zuen Realaren area barruan, hark Sagnani eman zion, baina bien artean nahastu egin ziren, eta Ruben Garciak berreskuratutako baloiarekin Remiroren atea fusilatu zuen Callerik.
Golari esker hazi egin zen Osasuna, eta ondo eutsi zion Realari lehen zatian. Txuri-urdinen hamaikakora Oiartzabal itzuli zen atzo —Silva ez, oraindik—, eta, eibartarrak bere burua asko eskaini zuen arren, ez zuen egun onik izan atzo; ez zuen Realak ezinbestean behar duen freskotasuna izan erasoko jokoa aldatzeko.
Bigarren zatia hasi bezain pronto berdindu zuten donostiarrek. Porturen erdiraketa bat ondo luzatu zuten Willian Josek bigarren zutoinera, eta bikain amaitu zuen jokaldia Barrenetxeak. Amorruz ospatu zuen gola aurrelari gazteak. Horren ostean Realak Osasuna estualdian jarriko zuela aurreikus zitekeen, baina ezta inondik inora ere. Bigarren zatian ere aukera gutxi, eta berdinketarekin amaitu zen neurketa.
Reala: Remiro; Zubeldia, Le Normand, Sagnan, Aihen; Gebara (Zubimendi, 77. min), Merino; Portu (Merquelanz, 65. min), Barrenetxea (Gorosabel, 77. min), Oiartzabal (Guridi, 65. min); Willian Jose (Bautista, 59. min).
Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Juan Cruz; Moncayola, Iñigo Perez, Javi Martinez (Roncaglia, 84. min), Barja (Roberto Torres, 66. min), Ruben Garcia (Jony, 66. min); Calleri (Budimir, 76. min).