OSASUNA 0. SEVILLA 0

Puntua eta konfiantza

Osasuna Sevilla baino gehiago izan da, eta aukera onak izan ditu, baina Varas atezainak ezerezean utzi ditu

Imanol Magro Eizmendi.
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horia Osasunako Roversio, Puñal eta Ninori eta Sevillako Faziori eta Spahici. Bestelakoak: 14.093 ikusle sutsu Nafarroako Erresuman.

Suspertu egin da Osasuna. «Altxa zaitezte, eta ibili», agindu zien Jose Luis Mendilibarrek jokalariei atzoko partida hasi aurretik, eta kasu egin zioten. Bartzelonaren aurkako astinduaren ondoren egutegiak ez dio Osasunari zauriak miazkatzen denbora galtzeko aukerarik eman, eta taldeak bere nortasuna aurkitu zuen atzo etxeko zaleen berotasunean. Nafarroako Erresuman Zaldibarko teknikariak zizelkaturiko Osasuna ikusi zen, baina ez zuen behar adina fruiturik lortu. Sevillari hortzak erakutsi zizkion, baina partida hasiera bikainaren ondoren, kanpokoek gora egin zuten. Halere, Osasunak gehiago merezi izan zuen, partidaren azken txanpan Sevilla bere atean setiatu zuelako. Ate aurrean, baina, ez zuen asmatu. Dena den, berdinketak sari gehigarria izan zuen, puntuarekin bat gorritxoek Camp Noun larri mindutako konfiantza sendatu baitzuten.

Osasuna minduta zegoen, eta gogotsu ekin zion partidari. 8-0ekoak erre egiten zuen oroimenean. Lehen 25 minutuak bikainak izan ziren. Sevilla bere atean sartu zuen, eta Cejudok eta Lamah min handia egin zuten bi hegaletatik. Erdilari afrikarrak zaleak berriz ere aho bete hortz utzi zituen. Urruneko bere bi jaurtiketek eta Cejudoren beste batek Varas estutu zuten. Sevillako atezainak partida bikaina egin zuen. Mendilibarrek nahi duen jokoa zen, zelai erdi sendoa eta erritmoa hegaletatik.

Sevilla, baina, esnatzeke zegoen. Lokartuta zegoen, Osasunaren giharren menpean, eta ordu erdi behar izan zituen nagiak aldentzeko. Navas trebea jokoan sartzen hasi zen, eta buru hauste handiak sortu zizkion Osasunako atzeko lerroari. Negredo aurkitu zuen, eta aukera onak izan zituzten, baina Andres Fernandezek hasieratik aritzeko aukera zergatik irabazi duen erakutsi zuen. Atsedenaldira iristeak Osasunari mesede handiagoa egin zion.

Bigarren zatiaren hasieran Sevilla gehiago izan zen. Baloia bereganatu eta etxekoen areara gerturatu zen. Navas zen arriskua, eta erdilariak aukera ona izan zuen 55. minutuan. Mendilibarrek aulkian bilatu zuen konponbidea, eta baita aurkitu ere: Raul Garcia. Taxoareko harribitxiak zentzua eta oreka eman zion jokoari, eta Osasunak eskertu zuen. Sevilla oraindik gehiago zen arren, aurkariak gehien estutzen zuenean izan zuen aukera onena Osasunak (63. min), baina Ninok ez zuen baliatu Cejudoren jokaldi bikaina.

Adierazi gabeko penaltia

Manu del Moralek eman zion azken sustoa Osasunari (70. min), eta handia. Ate aurrean bakarrik ez zuen asmatu, eta Fernandezek geldiketa bikaina egin zuen. Hortik aurrera etxekoek gehiago izan ziren, eta epailearen huts argi batek saririk gabe utzi zuen Osasuna (73. min). Erdiraketa batean Perottik eskuarekin jo zuen baloia area barnean. Besoa luzatuta zuen, penalti ezin argiagoa, baina epaileak ez zuen ikusi. Are huts handiagoa izan zen marrazainarena, baina hark ere ez zuen adierazi. Osasunako jokalariek ezin zuten sinetsi, eta Puñalek txartel hori ikusi zuen. Azken minutuetan gorritxoek izan zuten ekimena, baina Varasekin, partidako jokalari onena, egin zuten talka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.