Motor hotsa dator ekialdetik, Qatartik. Han hasiko da munduko motoziklismo txapelketa, igandean. Maila berri batekin dator, gainera. Moto3k 125 cc-ko maila ordezkatuko du. Ez da aldaketa bakarra izango izenarena: teknika aldetik aldaketa dezentetara egokitu behar izan dute pilotuek, denboraldi-aurrean. Neguko proben ondoren lortutako fruituak Qatarko Losail zirkuituan loratuko dira. Edo ez. Batzuen zalantzak eta besteen usteak argituko dira, hori bai.
Hemezortzi sari nagusi jokatuko dira denera. Valentzian astinduko dute azken aldiz laukidun bandera, eta ordurako, agian, hiru mailetako txapeldunak zein diren jakingo da. Iaz Nico Terol (125 cc), Stefan Bradl (Moto2) eta Casey Stoner (MotoGP) izan ziren hiru mailetako munduko txapeldunak. Horietako bi goragoko mailetan ariko dira aurten; Terol Moto2n eta Bradl MotoGPn.
Maila nagusian, Stoner da aurten ere titulua irabazteko faboritoa. Jerezko entrenamenduetako denbora onena egin zuen, Jorge Lorenzoren (Yamaha) eta Dani Pedrosaren (Honda) aurretik. Moto2 mailan, berriz, Claudio Cortik (Kalex) egin zuen denbora onena. Thomas Luthi (Suter) eta Marc Marquezekin (Suter) batera, hura da Moto2n txapelketa irabazteko faboritoa.
Qatarko Sari Nagusiarekin hasiko da 2012ko Munduko Txapelketa
Casey Stoner da beste urtebetez MotoGP mailan txapelketa irabazteko faborito nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu