Txirrindularitza

Quintana lurrera; Contador lidergora

Movistarreko kolonbiarra erori egin da Moncayo jaisten ari zela, kolpe gogorra hartu du, eta denbora asko galdu du helmugan. Oso saio ona eginda, Alberto Contador (Tinkoff) jarri da lider. 

Alberto Contador lider jarri da Espainiako Vueltan. JAVIER LIZON, EFE
unai zubeldia
2014ko irailaren 2a
17:54
Entzun

Espero bezala, Tony Martinek (Omega) irabazi du Espainiako Vueltako 10. etapa, 36,7 kilometroko erlojupekoa (47.02 minutu), Fabian Cancellarari (Trek) aurrea hartuta —11 segundo atera dizkio—. Etapako lehia izan da hori, baina are ikusgarriagoa izan da sailkapen nagusiko borroka. Nairo Quintana (Movistar) erori egin da Moncayon behera, kolpe handia hartu du kolonbiarrak, eta denbora asko galdu du helmugan: 4.07 Tony Martinekiko. Une batean lurrean etzanda geratu da gaur arteko liderra, baina erlojupekoa amaitu ahal izan du azkenean.

Gainerako faboritoen artean Rigoberto Uran (Omega) ibili da harrigarri, helmugan hirugarren denborarik onena lortuta (47.17). Oso saio ona egin du Alberto Contadorrek (Tinkoff), irabazlearengandik 39 segundora; dotore ibili da Samuel Sanchez (BMC), 48 segundo galduta; 1.01 galdu du Alejandro Valverdek (Movistar); 1.32 Chris Froomek (Sky); 1.49 Joaquim Rodriguezek (Katuxa); eta 2.03 Fabio Aruk (Astana).

Sailkapen nagusian Contador jarri da lider. 27 segundora dago orain Valverde, 59ra Uran, 1.12ra Winner Anacona (Lampre), 1.18ra Froome, 1.37ra Joaquim Rodriguez, 1.41era Samuel Sanchez eta 3.25era Quintana. Iruñean hasi eta Aralarko Done Mikel santutegian amaituko da biharko etapa, 153,4 kilometrokoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.