Helvetia Anaitasunak topatu dio ordezkoa Iñaki Anizi. Quique Dominguez entrenatzaile galiziarrak zuzenduko du Iruñeko taldea datorren denboraldian. Klubak eta Dominguezek aspaldi lortu zuten akordioa. Izan ere, entrenatzaileak martxoan iragarri zuen ez zuela Acanor Atletico Novas taldean jarraituko, beste eskaintza bat onartu baitzuen. Bada, Anaitasunarena zen eskaintza hori.
Dominguezek eskarmentu handia du, jokalari eta entrenatzaile moduan. Etxean egin du ia kirol ibilbide osoa: 11 urtez jokatu zuen Teucron, eta lau urtez Academia Octavion, besteak beste; gero, sei urtez zuzendu zuen Academia Octavio, bi urtez Galiziako selekzioa, eta urtebetez Acanor Atletico Novas. Tartean, Saudi Arabian ere entrenatu zuen, Mudhar taldea.
"Gogo, indar eta energia handia daukat proiektu berri honi heltzeko. Kirolean, beti egon ohi dira zailtasunak, eta elkarrekin gaindituko ditugu. Ziur naiz gozatu egingo dugula", esan du Dominguezek.