Txirrindularitza

Rabobanken erakustaldia Biraren hasieran

Pauline Ferrand Prevot, Anna Van der Breggen eta Marianne Vos, Rabobankeko hiru txirrindulari, elkarrekin iritsi dira Iurretako helmugara, eta Herbehereetako taldeak eskura dauka itzulia. 

Emakumeen Birako lehen etaparen bukaera. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
unai zubeldia
2014ko ekainaren 12a
19:08
Entzun

Harrigarria izan da Emakumeen Birako lehen etapan Rabobank taldeak izan duen nagusitasuna. Ez indar neurketarik, ez zaintzarik, eta ez indar gordetzerik. Espero zen bezala, Zumeltza Ganek eta Urkiolak hautsi egin dute tropela, eta hamabi txirrindulariko taldetxo bat sortu da aurrean. Garaipenaren borroka euren arteko lehia izango zela zirudienean, helmugara iristeko hamabost kilometro falta zirela erasoa jo dute Pauline Ferrand Prevot, Anna Van der Breggen eta Marianne Vosek, Rabobankeko hiru txirrindularik, eta elkarrekin iritsi dira Iurretako helmugara. Vosek, zintzo, taldekideei utzi die garaipenaren lehia. Ferrand Prevot lider dela, Rabobankek esku-eskura dauka Birako garaipena, hirukoak minutu bateko aldea atera diolako zortzi txirrindulariko taldetxoari.

Bigarren taldetxoko esprintean Lizzie Armitstead (Boels Dolmans) izan da azkarrena, Annemiek Van Vleuten Rabobankeko laugarren txirrindulariari aurrea hartuta. Sailkapen nagusian Ferrand Prevot dago lider, lau segundora dago Van der Breggen, bostera Vos, eta 1.09ra Armitstead buru duen zazpi txirrindulariko taldetxoa. Ane Santesteban (Ale Cipollini) da lehen euskalduna, 2.56ra. Bihar Oñatin hasi eta amaituko da Birako bigarren etapa, 113,7 kilometrokoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.