TENISA. Rafa Nadalek laugarren aldiz irabazi du AEBetako Irekia (2010, 2013, 2017 eta 2019). Tenislari kataluniarrak bere onena eman behar izan zuen finalean Danil Medvedev garaitzeko. Finalean, ia bost orduko partida jokatu zuten herenegun gauean, eta bosgarren setean erabaki zen txapelduna (7-5, 6-3, 5-7, 4-6 eta 6-4). Nadalek irabazitako hemeretzigarren Grand Slam torneoa da, eta bakarra falta zaio Roger Federer berdintzeko.
Nadal suitzarra baino lau urte gazteagoa da; hala ere, 33 urterekin, gizonezkoen AEBetako torneoa irabazi duten tenislari zaharrenen artean bigarrena da. Medvedev haren aurkaria, aldiz, hamar urte gazteagoa da, baina azken setean amore eman zuen. Nadalek eskarmentu handia du partida luzeak kudeatzen, eta aurkaria baino hobeto aritu zen set erabakigarrian. Eztabaida ere egon zen, epaileak tanto baten galerarekin zigortu baitzuen Nadal sakea egiteko denbora erabiltzeagatik. Hala ere, sendo zegoen beteranoa, eta 5-2 aurreratu zen Medvedeven sakea bi aldiz hautsi ondoren.
Errusiarrak, baina, garesti saldu zuen porrota Grand Slameko bere lehen finalean, eta 5-4 gerturatu zen. Biak leher eginda egon arren, tanto luzeak jokatu zituzten azken jokoan, Medvedeven huts batekin bukatu zen arte. Partidaren amaieran Arthur Ashe New Yorkeko pistan bilduriko 23.000 ikusleek txalo zaparrada batekin saritu zituzten bi tenislariak.
Rafa Nadalek laugarren aldiz irabazi du AEBetako Irekia
Danil Medvedev hartu du mendean finalean: 7-5, 6-3, 5-7, 4-6 eta 6-4. Hemeretzi Grand Slam ditu jadanik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu