Aspaldiko partez, McLaren autoek ongi erantzun dute, eta Kimi Raikkonen finlandiarrak pole-a lortu zuen atzo Alemaniako Sari Nagusiko entrenamendu saioetan. Haren alboan Juan Pablo Montoyak behar zuen izan, baina kolonbiarrak autoaren kontrola galdu zuen azken bihurgunean eta pneumatiko hesien aurka jo zuen. Ondorioz, azken postuan aterako da. Jenson Button izan zen bigarren, eta Fernando Alonso hirugarren.
Frantzian eta Erresuma Batuko lasterketetan motorrak huts egin ondoren, itxuraz Hockenheim zirkuituan McLaren autoak sendotasuna berreskuratu du. Eta hala gertatu denean, inor ez da gauza izan Raikkonen geldiarazteko. Atzoko saio guztietan Raikkonen izan zen azkarrena, eta Montoya beti gertu ibili zen.Argi dago une honetan autorik azkarrena McLaren dela, baina txapelketan Alonso da buru, eta egoera polita da horregatik. Alonsok badaki puntuak galduko dituela Raikkonenen mesedetan, ez baita gauza haren maila berean aritzeko. Hortaz, asturiarrak ez du horrenbeste arriskatuko, eta soilik puntuak poltsikoratuz jarraitu nahi du. Pistan bere parekoa Montoya da, biak ere abiaduraz antzeko baitabiltza.
Horregatik, atzo Montoyak eginiko hutsa oso garesti ordain dezake Raikkonenek. Alonso ez zen oso fin ibili sailkapen itzulian, eta lehen sektore kaskarra egin zuen. Hori dela eta, Button aurretik gelditu zen, eta baliteke BAR-Honda taldeko gidariak tapoi lanak egitea. Alonsok irteeran ez badu gainditzen, aukera asko dago garaipenaz ahaztu eta podiumeko postu batekin konformatzeko.Une honetan Raikkonenek behar duena gauza bakarra hauxe da, azken finean: Alonsori ahalik eta puntu diferentzia handiena ateratzea lasterketa bakoitzean. Eta zeregin horretan Montoyak oso zeregin garrantzitsua du, kolonbiarra bien tartean sartuz gero puntuak lapurtuko baitizkio Alonsori. Lasterketa honetan ez da halakorik gertatuko, Montoya atzetik aterako baita, eta McLaren taldean dagoeneko nekatu samar daude kolonbiarrak egin dituen zenbait hutsekin.
28 puntuko aldea
Bi gidarien arteko aldea 28 puntukoa da, eta zortzi lasterketaren faltan ezin esan guztia erabakia dagoenik. Logikaz, Alonsok ez du puntu asko galduko, bere autoa sendoa delako eta Kanadan izan ezik beti puntuetan amaitu duelako. Bere kezka nagusia McLaren da, eta zenbait lasterketatan Toyota ere bai. Baina atzo Jarno Trulli ez zen oso fin ibili, eta bederatzigarren irtengo da.
Okerrago aritu zen Rubens Barrichello, Jordan eta Minardiko gidariak kenduta mantsoena izan baitzen. Ferrari atzera egiten ari da, nahiz eta ahalegin betean ari diren. Dagoeneko aurtengoa galdua dute, eta hurrengo urteko autora bideratu dituzte bitarteko guztiak, aldaketa sakonak baitira.Lasterketaren gakoa irteeran izango da, eta Buttonek eragin handia izango du. Zaila dirudi Raikkoneni garaipena kentzea, baina Button eta Alonsoren artean lehia estua izan daiteke lehen bihurgunean postuari eusteko. Britainiarra pistaren alde zikinetik aterako da, eta Alonso alde garbitik. Biek helburu desberdinak dituzte: lasterketa Buttonek, txapelketa Alonsok. Baina hamar puntuek jabe ilehoria dutela dirudi.
Raikkonen, zegokion tokian
Finlandiarrak lortu du 'pole'-a, Butonen eta Alonsoren aurretik; Montoya azken postutik aterako da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu