Kimi Raikkonenek (McLaren) lortu zuen, espero bezala, lehen Turkiako Sari Nagusiko pole-a, atzo. Hala ere, Renaulteko bi gidariek lan ona egin zuten, saioan goiz atera baziren ere, bigarren eta hirugarren denborak lortu baitzituzten. Fisichellak aurrea hartu zion Fernando Alonsori, baina espainiarrak aurre-aurrean dauka bere aurkari nagusia, Raikkonen.
Atzoko saioan, herenegun gertatu bezala, gidari asko atera ziren pistatik. Villeneuve, Sato, Button, Ralf Schumacher eta Michael Schumacherrek huts handiak egin zituzten eta denbora baliotsua galdu zuten. Guztien artean, Button zegoen denborarik onena egiteko moduan, baina Turkiako zirkuituak ezustean harrapatu zuen. Hala eta guztiz ere, ia ezinezkoa izango zuen Raikkonenen denbora hobetzea, finlandiarrak nagusitasun osoa erakutsi baitzuen.Duela hiru aste Hungarian txapelketa zertxobait berotu zen berriro, eta litekeena da asteburu honetan gauzak oraindik ere estuago gelditzea. Hori pentsatzeko arrazoiak izan badira. McLaren taldearen sendotasuna aurrez ezin da segurutzat jo, eta horixe da Raikkonenek bere aurka duen faktore nagusia. Izan ere, abiadura aldetik Raikkonen-McLaren binomioa guztien gainetik dago. Teorian, Montoyak lagundu egin beharko lioke, baina kolonbiarrak Alemanian erakutsi zuen ez dagoela prest taldekidea laguntzeko, eta bere eskuetan den guztia egingo duela ahalik eta denboraldirik txukunena osatzeko. Ron Dennisek onartu egin dio jarrera hori.Raikkonenen zailtasun horiek balio gutxiago dute Alonsok dituenen alboan. Renaultekoak ikusten du prestazio aldetik McLarenen atzetik daudela, eta zenbait lasterketatan Ferrari, BAR edo Toyotarekin lehiatu behar dute. Orain, ematen du BAR taldea dela hirugarren auto azkarrenetan, eta Buttonek atzo denbora galdu izan ez balu, Alonsoren aurretik amaitzeko faborito izango zen.
Renault, motorrak ahulduta
Hungarian Renaulten autoek ez zuten puntu bakar bat ere lortu. Alonsok eta Fisichellak bi zailtasun izan zituzten, bakoitzaren kontuez gaindi. Batetik, pneumatikoak ez ei zituzten egoki aukeratu, eta, bestetik, motorrekin arazoak izan zituzten. Daraman ordenagatik, Hungariako motor berberak erabili behar ditu taldeak asteburu honetan, eta FIAk baimendutakoaren barruan konponketa batzuk egin behar izan ditu.
Taldeko arduradunen esanetan, arazoak erabat konponduta daude eta bi autoetan motorra arazorik gabe ibiliko dela uste dute. Baina errealitatea bestelakoa da, kezkaturik baitago taldea. Sendotasun aparta izan badu ere, Renaulten motorrek behin baino gehiagotan izan dute errendimendu jaitsierarik, eta gaurko lasterketan bero eginez gero, baliteke Hungariako arazoek eragina izatea. Itzuli batean hori ez da nabari (horregatik egin zituzte atzo postu onak), baina lasterketak luze jotzen du eta ikusteko dago zer eragin duen.Aurreraketak izango ote diren ezin da jakin oraindik, ez baita lasterketarik korritu inoiz. Aerodinamika onak saritzen ditu zirkuitu honek, eta atzo bi auto onenak izan ziren aurrean: McLaren eta Renault. Horietako bat izango da garailea.
Raikkonenek gehiago nahi du
Finlandiarrak erraz lortu du 'pole'-a; Fernando Alonso hirugarren izan da entrenamenduetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu