Rakovicek Eurokopako finala eta Ligako kanporaketak ditu begiz joak

Gescrapek fitxatutako jokalariak esan du lehenik jakin nahi duela ea Katsikarisek zer nahi duen berarengandik

Emiliano Armenteros, Osasunako elastikoarekin, atzo, Taxoaren. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Milovan Rakovicek atzo jantzi zuen lehen aldiz Gescrap Bizkaiaren elastiko beltza. 27 urteko pibot serbiarrak goizean gainditu zuen bere fitxaketa gauzatzeko osasun azterketa, eta, hori eginda, bi denboraldirako hitzarmena sinatu zuen Bilboko taldearekin.

Rakovicek eskerrak eman zizkion Gescrapi, bere alde egin izanagatik. Jokalariak azaldu zuen «azkar» hartu zuela erabakia. «Ez zitzaidan batere kostatu erabakia hartzea. Talde profesionala da Gescrap, eta jokalari bikainak ditu». Taldekideez galdetuta, esan zuen Nikos Zizis eta Raul Lopez ezagutzen dituela. «Nikos Montepaschin jokatzen nuenetik ezagutzen dut. Jokalari bikaina da, eta pertsona zintzoa. Raul ere ezagutzen dut, haren aurka jokatu bainuen hura Khimkin ari zenean. Beste taldekideak ezagutzeko astia izango dut, eta ziur naiz ez dela arazorik egongo; nire partetik ez, behintzat. Europako ligarik onenera etortzea akuilua da. Merezi nuen aukera hau».

Rakovicek ez zuen bere dohainez hitz egin nahi izan. Fotis Katsikarisek berarengandik zer nahi duen jakin nahi du ezer baino lehen. Hala ere, zehaztu zuen «defentsako lanetik» hasten dela «dena», eta «ziur» dagoela lan horretan lagundu beharko duela. Erasoan, berriz, taldeak «baliabide asko» dituela nabarmendu zuen.

Serbiarrak asmo handiko helburuak dauzka begiz jota. «Eurokopako finalera iritsi nahi dut gutxienez, eta ligan, titulurako kanporaketak jokatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.