Ralf , ezusteko 'polea'

Michael Schumacherren anaiak erdietsi zuen denborarik onena Kanadako entrenamenduetan

Laurentzi Garmendia
DONOSTIA
2004ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Sailkatze proba polita izan zen atzo Kanadako Gilles Villeneuve1 Formulako zirkuituan. Gertaera askorekin, Ralf Schumacherren Williams autoak lortu zuen denborarik onena, urte honetan lehenengoz. Haren alboan Jenson Button aterako da, eta lehen lerroko bi gizonok beste guztien gainetik izan ziren argi eta garbi. Sato bakarrik zen hauen denboretara gerturatzekoa, baina huts egin zuen eta oso atzetik aterako da, ikuskizunari mesede eginez.

Kanadako Sari Nagusi honen aurreko bi asteek albiste dezente utzi dute. Batetik, McLaren MP4-19 autoaren B bertsioa probatu zuen taldeak duela hamar egun Silverstonen, eta Kimi Raikkonen gustura agertu zen hobekuntzarekin. Hala ere, taldearen gabezia nagusia motorretik dator, eta aurten ez da espero arlo horretan Honda eta Ferrari onenak une honetan berdinduko dituenik.Txinako Shangai zirkuitua ere ofizialki inauguratu zuten orain astebete, eta ekitaldia apaintzeko iazko Ferrari F2003-GA autoan itzuli batzuk eman zituen Gerhard Berger gidari ohiak. Zera esateko ere aprobetxatu zuen: Williamsek ez badu bidea aldatzen, oso gaizki pasatu behar duela. Antza, ez zuen atzoko emaitza espero, eta iaz bat-batean Williamsek izan zuen hobekuntzarekin parekatu ezin bada ere, aurrerapausoa da, Katalunian soilik izan baitzen lehen lerroan taldeko auto bat.Lehenago, Kanadara iritsi aurretik, Buttonek adierazpen pipartsuak egin zituen. Bere hitzetan, besteak baino hobea omen da, oraindik garaipenik lortu ez badu ere: «Gidari moduan, uste dut parrilako onena naizela. Irabazteko behar den ekipamendua dudanean, irabazi egingo dut, aurkaria edozein dela ere». Britainiar gazteak hogeita lau urte ditu, eta badirudi oraindik zertxobait ikastea falta zaiola. Gidatu oso ondo egiten du, baina umiltasuna ez da bere ezaugarri, antza.

Estrategia agresiboak

Atzoko entrenamenduetan argi ikusi zen bi estrategia izango direla gaur. Horrek ez du esan nahi geldialdi kopuru desberdinetara jokatuko dutenik, baizik eta gidari batzuek aurreko lasterketan Michael Schumacherrek eginikoa errepikatu nahi dutela. Hau da, oso erregai gutxirekin atera eta lehen itzulietan ahalik eta gehien urrundu atzetik dituzten auto astunagoetatik. Errenta nahikoa lortuz gero, lehen erregai geldialdirako hamar bat segundo dituzte.Denborei erreparatuz, Ralf Schumacher, Jenson Button eta Takuma Sato hirurak ere joko horretan daude. Montoya taldekideagandik zortzi hamarrenekotara dago, eta litekeena da beste estrategia bat hartu izana. Jarno Trulli, Fernando Alonso eta Michael Schumacher ere denbora tarte horretan dabiltza, eta hauen artean lehia polita izango da, batez ere irteeran Schumacherrek posturik irabazten ez badu. Munduko txapeldunak ez du horren asteburu ona izan orain artean, ostiralean bitan irten baitzen pistatik.Gilles Villeneuve zirkuitua zuzengune eta txikane lotura bat da funtsean. Motorrari azelerazioa eskatzen zaio batez ere, zuzengune bakarra baitago abiadura punta benetan aprobetxatzeko. Balaztek bereziki sufritzen dute, Monzarekin batera urteko gogorrena baita. Talde batzuk kezka azaldu dute, iazko denborak ia bi segundotan hobetzen baitira zirkuitu guztietan, eta balaztak gero eta larriago dabiltza energia xahutzeko. Lasterketa seieta erdietan hasiko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.