Gorka Ramoneda Lagun Aroko presidenteak taldearen orain arteko balantzea egin zuen atzo, komunikabideen aurrean eginiko gosarian, eta igandean Menorcaren aurka lortutako garaipenak taldeari lasaitasuna emango diola esan zuen aurren-aurrena: «14. postuan gaude orain, zortzigarren postutik hiru garaipenera. Pasa dugun hilabete txarra pasa ondoren, ez gaude hain gaizki».
Izan ere, Ramonedak adierazi zuen taldeak urtarrilean jasan duen emaitza krisia aztertu behar dela: «Egia da hiru partida Euroligako taldeen aurka galdu direla, baina bolada txar hori espero baino luzeagoa izan da». Ramonedaren ahotan, «ondo bideratua dago mailari eusteko erronka. Nahikoak izan litezke beste bizpahiru garaipen, eta horiek lortutakoan, orain arteko sailkapena hobetzea da asmoa, hamahiru garaipeneko langa gainditzea».
Pablo Lasori buruz ere galdetu zioten, eta Ramonedak ez zuen zalantzarako tarterik utzi: «Erabateko konfiantza daukagu berarekin. Eskatu diogun guztia bete du; zertarako aldatu?».
Ramoneda: «Azken garaipenak lasaitasuna emango dio taldeari»
Mailari eutsiz gero Pablo Lasok Lagun Aron jarraituko duela ziurtatu du presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu