RAMONEN TABERNATIK. Bat eta zero, dio Ramonek

Julen Gabiria.
2005eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Ramonek dio ziklista hauek politikariak bezala ari direla. Dio politikariek jada ez dutela politikarik egiten, telebistako ikuskizuna baizik. Politika egitea da, hori dio berak, mahai baten inguruan elkartu eta eztabaidan aritzea, baina orain Raxoik kameren bitartez botatzen dizkio mezuak Zapaterori, eta Zapaterok kameren bitartez erantzuten dio, hori dio Ramonek. Ez zaio arrazoirik falta. Eta ziklistak antzera dabiltza, dio Tourra ikustera joaten naizen tabernako ugazabak.

Esan dit zelan lehen, kontrarioari beldurra sartzeko, Tourra baino lehenago ekin behar zeniola, aurretik Vuelta eta Giroa irabaziz adibidez (duela gutxi arte Vuelta baitzen hiruretatik jokatzen zen lehenengoa). Gogoan du Lonbardiako Giro baten aurretik italiar karrerista bi zirela lasterketa irabazteko hautagai nagusiak (izenak ere aipatu dizkit, baina hasieran Marco Garduccio zena gero Andrea Hof bihurtzen zen, eta horrela etengabe), biak ere sekulako denboraldia egiten ari zirenak, elkarren inbidiarik ez izateko modukoak. Eraso psikologikoari ekin zioten, beraz: bata bonboiak hasi zitzaion bidaltzen bestearen emazteari. Bigarrena, berriz, egunero hasi zen joaten bazkaltzera bestearen amaren etxera. Amorratuta eta jelosiak jota heldu ziren Lonbardiako Giroaren hasierara. Etapa guztietan, bataren erasora irteten zen bestea, eta bestearenera bata. Hain ibili ziren elkarren zelatan, azkenean ez baitzuen euretako batek ere irabazi: bigarren eta hirugarren geratu ziren, hurrenez hurren. Hori bai: denbora berean berdinduta. «Bueno», esan dit Ramonek, «uste dut horrela izan zela».

Kontuak kontu, Ramonek dio aurtengoak bezalako eraso psikologiko bitxirik ez duela sekula ikusi: lehenengo, liztorrak zirikatuta, Armstrong lurrera jausi zen. Begia ubelduta agertu zen gero, esanez inoiz baino indartsuago zegoela. Ullrich kikiltzeko modua omen zen. Baina eraso psikologikoak ez ziren hor geratu: Tourra hasi baino egun bat lehenago, Ullrich bere taldeko kotxearen atzetik entrenatzen zihoala, kamioi baten erruz kotxeak nahi baino bortitzago frenatu behar izan zuen, eta Ullrich kotxearen atzeko leihotik sartu zen. Ospitalera zaurituta eraman zuten arren, saman tirita soil batekin irten zen, txantxarako gogoz. Ebaki hura, ordea, karotida arteriatik hiru milimetrora geratu zitzaion, eta Ramonek dio hori eraso psikologiko ona izan zela, heriotzatik hiru milimetrora geratzea eta liztor batek heltzea ez delako gauza bera. Eta dio, errepidetik kanpoko lehiaketan, Ullrich bat eta zero ari zaiola irabazten Armstrongi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.