Txirrindularitza

Rasmussenek irabazi du etapa eta eskuan dauka Tourra

Liderrak ondo eutsi die Contadorren erasoei Aubisque hasieran, eta azkeneko kilometroan berak jo du kolpea. 3.10eko aldea kentzen dio orain bigarren sailkatuari.

2007ko uztailaren 25a
18:19
Entzun
Frantziako Tourra irabazteko pauso handia eman du gaur Michael Rasmussenek, hamaseigarren etapan (Ortheze-Aubisque, 218,5 kilometro): irabazi egin du eta Alberto Contador bigarren sailkatuari 35 segundoko aldea kendu dio, azkeneko kilometroan erasoa jota. Gaurko onena izan da. Tour honetako bigarren garaipena du; denera, berriz, laugarrena.

Etapa hasieratik izan dira erasoak. Carlos Sastrek -seigarren sailkapen nagusian gaur arte, 6.46ra- kolpe garrantzitsua jo du Iturzaeta maila bereziko mendatean, etaparen hasiera aldera, ihesaldi horrek markatu baitu etaparen zatirik handiena. Azkenean Iban Mayo, Mauricio Soler, Gorka Verdugo eta laurak geratu dira bakarrik, eta bost minutu inguruko aldea izan dute tropel nagusiarekiko.

Minutu eskaseko aldearekin iritsi dira, ordea, azken mendatearen hasierara: Aubisquera (maila berezikoa hau ere; San Martingo Harria eta Marie Blanque lehen mailakoak ere igo dituzte). Sastre eta Mayo geratu dira bakarrik ondoren, baina liderrak-eta 9,5 kilometro falta zirela harrapatu dituzte.

Rasmussenen eta Contadorren artean zegoen jokoa, Tourreko lehen bi sailkatuen artean. Contadorrek hiru eraso jo dizkio, horietan metro batzuetako aldea kendu dio hasieran, baina segituan harrapatzen zuen liderrak. Azkeneko kilometroan berak utzi duen arte atzean. Levi Leipheimer sartu da bigarren, 26 segundora. Hirugarren Contador, laugarren Kadel Evans 43ra, bosgarren Soler 1.25era, seigarren Zubeldia 1.52ra.

Larunbatean 55 kilometroko erlojupekoa izango dute, baina Tourra eskuan dauka Rasmussenek. Izan ere, sailkapen nagusian, 3.10 kentzen dio Contadorri (2. dago), Evansi 5.03 (3.), Leipheimerri 5.59 (4.), Sastreri 9.12 (5.), Zubeldiari 9.39 (6.). Mikel Astarloza -gaur 7.10era heldu da- 11. dago, 16.52ra. Iban Mayo 14., 25.24ra.

Bihar, Tourreko 17. etapa: Paue-Castelsarrasin (188,5 kilometro). Hirugarren mailako mendate bat eta laugarren mailako bost izango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.