Raul Garcia aurkeztu du Osasunak, eta Roland Lamah iristear da

Ilusio handiz itzuli da, Atletico Madrilen izan ez duen jarraikortasuna lortzeko eta, bide batez, taldeari laguntzeko

Erredakzioa
Iruñea
2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Taxoaren ez da oporrik. Jose Luis Mendilibarrek taldea guztiz osatu nahi du denboraldia hasi baino lehen, eta orain, azken orduko joan-etorriak egiten ari dira. Eskatu ez duen jokalaria iritsi da, Raul Garcia, eta eskatutakoa bidean da: Roland Lamah. Horiei tokia egiteko, Jokin Esparza Huescara joan da, entrenatzailearen asmoetan ez baitzen sartzen.

Kontratuko azken arazoak konpondu, eta aurkeztu. Raul Garciak Atletico Madrilekin zituen kontratuko azken xehetasunak argitu bezain laster aurkeztu zuen Osasunak. Lehen hitzetan, bere asmoen berri eman zuen. «Taldeko bat gehiago izango naiz, ez gehien agintzen duena. Ni Madrilen izan ez dudan jarraikortasuna izatera heldu naiz hona, eta ez izar bat izatera».

Espainiako Ligako talde indartsuenetako batetik Osasunara joatea ez du atzerapauso gisa ikusten. «Ez da txarra niretzat; ilusioz gainezka nator, eta hori zelaian erakutsiko dut. Egunerokoan pentsatzen dut, eta taldeari ahalik eta gehien laguntzean, ez nire jokoan». Ez da elastiko gorria jantziko duen lehen denboraldia, 2005-06 eta 2006-07 denboraldien artean aritu baitzen Osasunan, Atletico Madrilera hamahiru milioi euroren truke joan aurretik.

Iristear dagoen beste jokalaria Roland Lamah ezker hegalekoa da. Mendilibarrek postu horretarako jokalari bat behar du Javier Camuñasen hutsa betetzeko, eta, dirudienez, belgikarra gertu dago. Angel Martin taldeko zuzendariak atzo aitortu zuen Le Mansekin akordio batera iristeko gertu daudela eta hura ordu batzuen buruan irits daitekeela.

Esparza, Huescara

Biak iristeko, Jokin Esparzak utzi die lekua. Entrenatzailearen asmoetan sartzen ez zenez, minutu bila doa Huescara. Han bi sasoiz ariko da, eta lehen denboraldiaren ondoren talde gorritxoak berriz fitxatzeko aukera izango du. Esparzaz gain, beste bi jokalarik utzi beharko dute taldea, edo behintzat ez dira entrenatzailearen asmoetan sartuko. Vadoczek atea irekia du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.