Futbola

Real Madril, hamahirugarrenez txapeldun

3-1 irabazi dio Liverpooli Txapeldunen Ligako finalean

Gareth Bale Real Madrileko aurrelaria gol bat ospatzen. ARMANDO BABANI / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 26a
22:41
Entzun

Golak:  1-0 Benzemak (51. min); 1-1: Manek (55. min.); 2-1: Balek (64. min); 3-1: Balek (83. min.).

Real Madrilek harreman berezia du Txapeldunen Ligarekin, eta Kieven hamahirugarren aldiz altxatu du trofeoa. Hori gutxi ez, eta hirugarren urtez jarraian irabazi du Europako txapelketa garrantzitsuena. Finalean 3-1 irabazi dio Liverpooli, hein handi batean Karius Liverpooleko atezainaren laguntzarengatik, huts larriak egin baititu 1-0eko eta 3-1eko goletan.

Real Madril zen faborito, eta on egin ditu pronostikoak, baina ez sufritu gabe, Liverpoolek maila ona eman duelako lehen zatian. Zati horretan Salah Liverpooleko izarrak min hartu du eta zelai utzi behar izan du, baina taldekideek, hasiera batean, ondo estali dute haren hutsunea.

Gol guztiak bigarren zatian iritsi dira. Real Madrilen lehenbizikoan iritsi da Kariusen aurreneko hankasartze handia. Ateko sake batean, eskuarekin, ez du Benzema ikusi eta hark pasea moztea nahikoa izan du baloia sareetara bidaltzeko (51. min.). Liverpoolek, dena den, ondo erantzun du, eta Manek banakoa sartu du korner batean (55. min.).

Liverpool ondo zegoen, baina Gareth Balek hankaz gora jarri du partida bi golekin. Aurrenekoa oso ikusgarria izan da, txilenaz. Aurrelari galestarrak oso altu ehizatu du baloia area barruan erremate bikaina egiteko (64. min.). 3-1ekoan, aldiz, areaz kanpotik jaurtiki du, eta Kariusen eskuetan jo ondoren sartu da baloia sareetara (83. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.