saskibaloia

Real Madril Lagun Aroren aurkako lagunarteko partida ez jokatzea aztertzen ari da, Kilometroen aldekoa delako

"Taldearen aurkezpeneko partidan jokatzeko eskatu zigun Lagun Aro GBCk, baina ez dugu onartuko partida hori asmo politikoekin erabiltzea", adierazi du Real Madrileko kirol arloko zuzendariak. Hilaren 12an dira jokatzekoak, Donostian.

2009ko irailaren 2a
17:39
Entzun
Real Madril Lagun Aro Donostiako GBCren aurkako hilaren 12ko lagunarteko partida ez jokatzea aztertzen ari da, Antonio Maceiras Real Madrileko saskibaloi arloko zuzendariak esan duenez, partida Kilometroen aldekoa izango delako. "Taldearen aurkezpeneko partidan jokatzeko eskatu zigun Lagun Aro GBCk eta guk baietz esan genuen, baina ez dugu onartuko partida hori asmo politikoekin erabiltzea", adierazi du Maceirasek gaur Marca Espainiako kirol egunkarian.

Egunkari horretan, Lagun Aroko bozeramaile batek nabarmendu du "[Kilometroak] jaiak festa izaera" duela "eta ez politikoa; euskararen aldeko aldarria egiten dugu, eta euskara hizkuntza ofiziala da EAEn, gaztelaniarekin batera".

Gipuzkoako ikastolen aldeko partida Donostian dira jokatzekoak, Ilunben, eta atzo aurkeztu zuten Lagun Aro GBCk eta Kilometroetako talde antolatzaileak.

BERRIA.INFO Josebe Muguruza Kilometroen antolatzailearekin harremanetan jarri da eta Real Madrilen asmoen inguruko berririk ez duela adierazi du. Lagun Aroko ordezkari batekin ere hitz egin du BERRIA.INFOk eta, haren arabera, Real Madrilek ez die partida ez jokatzeko nahia jakinarazi eta, beraz, "jokatu egingo da".

Partida horretan bildutako diru guztia Zurriola Donostiako ikastolak jasoko du -bera da aurtengo Kilometroak festaren antolatzailea-. Urriaren 4an izango da aurten Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.