Inork ez du zalantzan jarriko Apoel Nikosia dela denboraldi honetako ezustekoa Txapeldunen Ligan. Ez da harritzekoa, ezustekoa baita Zipreko talde bat lehian egotea Europako lehiaketa nagusiko final-laurdenetan. Inoiz ez da gertatu horrelakorik. Hala ere, gertu dirudi Apoelen ametsaren amaiera. Zergatik? Real Madrilen aurka jokatuko baitu final-laurdenetan, eta Real madril da, Bartzelona eta Bayern Munichekin batera, Txapeldunen Liga irabazteko faboritoetako bat.
Gaur jokatuko dute zipretarrek eta espainiarrek joaneko partida, Nikosian. Etxekoek beste astebete jarraitu nahi dute ametsetan; bisitariek, berriz, kolpe baten esnarazi nahi dute aurkaria. Ezustekoa litzateke Real Madrilek ez irabaztea, gaur-gaurkoz, alde handia baitago bi taldeen artean. Jose Mourinhok entrenatzen duen taldea, gainera, abisua hartuta joan da Ziprera, final-zortzirenetako joaneko partidan CSKA Moskuren zelaian gertatutakoaren ondoren (bana berdindu zuten).
Benfica eta Chelsea, parean
Askoz parekatuagoa dirudi Benficaren eta Chelsearen arteko final-laurdenetako kanporaketa. Portugaldarrek eta ingelesek joaneko partida jokatuko dute gaur, Lisboan. Hain zuzen ere, etxean jokatzea baliatu nahi du Benficak lehen kolpea emateko. Badu baikor egoteko arrazoirik. Batetik, Chelsea gorabeheratsu dabil, eta, bestetik, ez du galdu Europako lehiaketetan Da Luz estadioan jokatu dituen azkeneko hamar partidetan.
Real Madrilek ez du tokirik izan nahi Apoelen balentrien zerrendan
Espainiako taldeak kolpe batez esnarazi nahi du Ziprekoa Txapeldunen Ligako ametsetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu