Real Madrilen aurka bezala jokatzen badute, arazorik ez

Joventut hartuko du gaur Bilbo Basketek, eta jokalari garrantzitsuak falta dituztela ekingo diote partidari bi taldeek

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Zulo sakonenetik gertu kokatu zuten askok Bilbo Basket Alacanten azken unean galdu ondoren, eta lau egun geroago, gailur garaienean, Real Madril ahaltsua menderatuta. Ez bata, ez bestea. Alacanten nahiko txukun aritu ziren bizkaitarrak. Partida osoa aztertuta, agian Real Madrilen aurka baino hobeto, baina ostegunean uzta lortuta bukatu zuten dema bizkaitarrek. Iritzi zabaldua da Bilbon Katsikarisen taldeak ostegunean bezala jokatzen badu ez diola garaipenak ihes egingo. Taldea konfiantzarekin dago, eta Joventut Real Madril baino askoz talde apalagoa da.

Gehiegizko konfiantzarik ez edukitzea komeni, dena den. Endesa ligan edonork eman dezake ezustekoa, eta Joventutek Bilbon jokatu dituen partidetan daukan balantzeak zer pentsatua ematen du. Izan ere, zazpi aldiz jokatu du Bilbon, eta Badalonak seitan irabazi du. Estatistika kaskar horri buelta ematen hasteko une aproposa da, Bilbo Basket sei onenen artean sartzeko hautagai sendoa delako eta Joventutek helburu apalagoak dituelako sos faltaren eraginez.

Bi taldeek dituzte hutsune garrantzitsuak, eta oso litekeena da horiek hobeto nork kudeatzen dituen, arrakasta lortzea. Hasierako bostekoan sarri kantxaratzen zituen Katsikarisek Hervelle eta Mavroeidis, baina gaur ezingo du halakorik egin, min hartuta daudelako. Salva Maldonadok ere baditu buruhauste franko, Joventuteko harribitxi onena (Pere Tomas) ez delako Bilbora etorri. Ez da bakarra izan, Henk Norel ere etxean geratu baita.

Bilbo Basket ondo moldatu zen Banic, Stevic eta D'Or Fischerrekin, eta gaur ere nagusi izan behar lukete, Joventut ez baitabil aberats jokalari garaien arloan. Pape Sow da pibot peto bakarra, eta Latavious Williamsek eta Nacho Llovetek ere justu-justu gainditzen dute bi metroko langa. Trias hegalekoa da pibota baino gehiago, baina pibot postuan jokatu beharko du. Gutxitxo Banic eta Fischerren kemena itotzeko.

BIZKAIA B. B.-JOVENTUT

Txapelketa. ACB ligako hirugarren jardunaldia.

Bizkaia Bilbo Basket. Raul Lopez, Jackson, Josh Fisher, Blums, Grimau, Vasileiadis, Mumbru, Banic, Stevic eta D'Or Fischer.

FIATC Joventut. Oliver, Jeter, Vab Lacke, Barrera, Jelinek, Obasohan, Todorovic, Trias, Llovet, Latavious Williams eta Pape Sow.

Sailkapena. Bilbo Basket 9. postuan dago: 1-1 (0); Joventut, berriz, 11. da: 1-1 (-6).

Tokia. Bizkaia Arena (9.650 eserleku).

Ordua. 12:30 (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.