Real Unioneko jokalari, entrenatzaile, agintari eta zaleak sinetsita zeuden etxean Real Madril ustekabean harrapa zezaketela. Eta bete-betean asmatu zuten. Irungo taldeak 3-2 irabazi zion atzo Real Madrili Espainiako Kopako final-hamaseirenetako joanekoan. Balentria bikaina, zalantzarik gabe.
Norgehiagoka ezin hobeto hasi zen Real Unionentzat, bi minutu eskas behar izan baitzituen Dominguezek lehen gola sartzeko. Etxekoen pozak, baina, ez zuen asko iraun, zazpi minutu geroago Higuainek berdinketa lortu baitzuen. Jarraian De la Redek zelaia utzi behar izan zuen. Real Madrileko jokalaria zorabiatu egin zen, eta konortea galdu. Zorionez, aldageletarako bidean konortea berreskuratu zuen. Gertaera horrek hotz utzi zituen Real Madrileko jokalariak, eta etxekoek ederki baliatu zuten bigarren gola sartzeko. Dominguez izan zen berriro Dudeken atea zulatu zuena.
Bigarren zatian, eta behin De la Redek ezer larririk ez zuela jakinda, Real Madrileko jokalariek erasora jo zuten lotsagabe. Azkar lortu zuten helburua, eta Saviolak berdinketaren gola sartu zuen. Etxekoak, hala ere, ez ziren kikildu. Aitzitik, azken ahalegina egin eta hirugarren gola sartu zuten, Goikoetxeak eginikoa. Azken minutuetan bi taldeek izan zuten gola sartzeko aukera, baina ez zuten asmatu. Azaroaren 12an jokatuko dute itzuliko partida Santiago Bernabeun. Ordu arte Real Unionek amets egiten jarraituko du.
Futbola
Real Madrilen aurka garaipen historikoa lortu du Real Unionek
3-2 irabazi dio Espainiako Errege Kopako final-hamaseirenetako joanekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu