Alferrik da. Izan entrenatzaile batekin edo bestearekin, izan konfiantzaz gainezka egonda edo ez, Realak lehengo lepotik du burua. Joan den igandean Bartzelonari irabazi eta guztiak hobera egingo zuela pentsatzen zuenak azkar etsi izango du. Eta ez da harritzekoa. Berriro ere, txuri-urdinek itxura kaskarra eman baitute gaur, Vila-realen zelaian, Espainiako Kopako final-zortzirenetako joanekoan. Partida hasiera txukuna egin arren, berehala egin dute behera, eta aurkaria baino askoz gutxiago izan dira. Egiari zor, Vila-realek asko barkatu du, gehiegi, eta emaitza bera izan da Realak lortu duen gauzarik onena. Besteak beste, eta emaitza arriskutsua izan arren, bizirik iritsiko baita itzulerako partidara. Neurketa hori datorren asteazkenean izango da, 20:00etan, Anoetan.
Hasi, ongi hasi dira donostiarrak. David Moyesek esana zuen ligak duela lehentasuna, baina bistan geratu da Kopari ere ez diola muzin egiten, ohiko jokalari asko zelairatu baititu hasieratik: C. Martinez, Iñigo, Markel, Granero, Prieto... Hori igarri egin da. Fresko hasi da Reala, erritmo bizian jokatuz eta aurkariari kosk eginez. Defentsako sendotasuna baliatuz, goian egin du presioa, eta gol aukera bat ere sortu du hastapeneko minutuetan. Finbogassonek Gabrieli baloia lapurtu eta aukera aparta izan du. Enegarrenez baina, ez du asmatu islandiarrak.
Bada, lehen ordu laurdena igarota, eta espero zen bezala, agintzen hasi da Vila-real. Bizi jokatzen eta Eñauten area ingurura gerturatzen. Orduantxe hasi dira Realaren gabeziak bistaratzen. Lerroak hautsita aritu dira txuri-urdinak, eta etxekoek lehen gol aukera garbia sortu dute 21. minutuan. Giovaniri txikitzeko baloia heldu zaio penalti puntura, eta huts egin du. Halere, urpekari horiak bere horretan jarraitu du, ideiak garbi zituela. Realak, bere aldetik, kontrako bidea hartu du. Jokoa lasaitu eta moteldu beharrean, noraezean jarraitu du. Atsedenaldira bitarte pare bat gol aukera garbi izan ditu Vila-realek, lehenik Pina eta ondoren J. Dos Santosen eskutik, baina ez du asmatu.
Lehenengoari bezala, bigarren zatiari ere ongi ekin dio Realak. Zelaian ongi jarrita eta talde itxura hartuta, behintzat. Baina, lehenengoan bezala, azkar egin du behera berriz ere. Azkarregi. Eta, gainera, kontraerasoan ateratzeko aukerak alferrik galdu ditu. Batez ere, Finbogassonen lan txarraren erruz. Hori ikusita, aldaketa bikoitza egin du Moyesek. Islandiarra eta Hervias kendu eta haien ordez, Agirretxe eta Canales zelairatu ditu. Dudarik gabe, asmatu du.
Hobekien zenean, kolpea
Edo hala zirudien behintzat. Izan ere, bi jokalari horiek arnas pixka bat eman diote taldeari. Ordea, hobekien zegoenean, kolpea jaso du Realak. Granero eta Prietoren artean zelai erdian baloia galdu, eta etxekoek lehen gola egin dute, 71. minutuan. Bruno Sorianok pase itzela eman dio Cheryshevi, eta hark ederki gurutzatu du baloia. Eñautek ere zerbait gehiago egin zezakeen. Hortik aurrerakoa nahi eta ezina bihurtu da gipuzkoarrentzat. Gol aukera garbi-garbiak ez sortu arren, agintzen jarraitu du Vila-realek. Hori bai, erakutsi duen nagusitasuna aintzat hartuta, motz geratu zaio emaitza. Horrek itxaropena pizten dio Realari.