Futbola

Reala gora begira jarri da

Hasi eta buka, dotore aritu da Reala, eta ondo merezita irabazi dio Leganesi. Behin behinean, Europako postuetan dira txuri-urdinak, 16 punturekin

jarraia128198.jpg
jon eskudero
2016ko urriaren 28a
11:10
Entzun

Nekez haserretuko dira Realeko jokalariak asteburu honetan. Irabazi edo galdu, norberaren aldartean ederki eragin izan ohi dute emaitzek, eta okerrik ezean, behintzat, txuri-urdinak ez dira petralduta egongo. Izan ere, Eusebio Sacristanen taldeak ondo merezita irabazi du Leganesen zelaian, eta denboraldi honetan estreinakoz bigarren garaipena jarraian lortzeko gai izan da. Hasi eta buka, dotore aritu dira, eta sailkapen nagusian ere kalitatezko jauzia egin dute. Behin-behinean, seigarren dira; Europako postuetan, beraz.

Aurrez jakina zenez, azken jardunaldietako hamaikako beraren alde egin du apustu Eusebiok. Ohiko estiloari eutsiz, baloia oinetan izan, atzetik aurrerako jokoa egin eta erasora fresko iristea zuen helburu entrenatzaileak. Lehen minutuak ez dira era horretan joan. Hotz antzean zelairatu dira donostiarrak, eta sufritu gabe jokatu arren, finegi ere ez dira aritu. Hori bai, lehen ordu laurdena igaro eta izerdia botatzen hasi ahala, behetik gora egin dute. Nabarmen, gainera.

Hain zuzen, 16. minutuan heldu da partidako lehen gol aukera garbia. Oiartzabalek ezker hegaletik erdiratu, eta Xabi Prietok langatik gora bidali du errematea. Gehiegi barkatu du. Halere, bere horretan jarraitu du Realak, eta Rullik agerpenik ere ez du izan. Seinale ona. Pazientzia lagun, erasoan segi dute txuri-urdinek, eta iritsi da saria, 29. minutuan. Carlos Martinezek eskuin hegaletik erdiratu eta Willian Josek buruz sareetara bidali du baloia, bikain. Sasoi honetan bost gol daramatza brasildarrak. 0-1ekoaren ondorioz, kolpe handia hartu du Leganesek, eta atzeratu egin ditu lerroak. Orduan, jolasean hasi da Reala, eta du lehia erabakita utzi.

Bekatu hori egin izana gerora ordaindu beharrik ez izatea espero zuten zaleek, eta ez da hala gertatu. Dena den, bigarren zatiaren hasieran berdindu egin dira indarrak. Unai Lopez zelairatuta, Leganesen zelai erdiari hauspoa eman dio Asier Garitano entrenatzaileak, eta Realari gehiago kosta zaio baloia jokatuta ateratzea. Hori bai, buruarekin baino, bihotzarekin jokatu du etxeko taldeak, eta ez du aparteko minik eragin.

Iñigok, bosgarren txartela

Kontrolpean izan du neurketa Realak, eta 59. minutuan 0-2koa egin du Xabi Prietok. Ezker hegalean jokaldi ona osatu dute Yurik eta Willian Josek. Gero, Zurutuzaren jaurtiketari erantzun ona dio zion Serantes atezainak, baina aldaratzean han agertu da kapitaina.  Penaltia bailitzan, ederki sareratu du baloia. Lasaitasuna ekarri du gol horrek, eta Leganesek ekinean jarraitu arren, emaitzak ez du arriskurik izan inola ere. Gainera, Velak berak hirugarren bat egiteko aukera ona ere izan du.

Gauzak hala, olatuaren gainean da Reala, eta asteburuan atseden hartu ondotik, hurrengo partida prestatzen hasi beharko du. Atletico Madrilen aurka ariko da, eta Iñigo Martinezek ezin jokatuko du, bosgarren txartel horia ikusi duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.